Jose Ramon Lete Alberdi “Traki” azkoitiar presoa isolamendu egoeratik ateratzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sare 2016ko uzt. 8a, 14:31

Ekainak 21etik, Soto del Real espetxean dagoen "Traki" preso azkoitiarra bakartua eta isolatua aurkitzen da.

Ordutik, gaur egun ere, isolatuta jarraitzen du "Traki"-k, izan ere, Nazio Batuen Nelson Mandela arautegiaren arabera, isolamendutzat jotzen da “egunero gutxienez 22 orduz presoa giza harremanik gabe egotea".

"Traki"-rena, ez da kasu bakarra. Are gehiago, 25 euskal preso aurkitzen dira egun isolamendu egoeran. Eta ez egun bat edo aste bat. Hilabeteak eta urteak ere bai. Izan ere, espetxe arautegian zigor puntual gisako neurria hartzen bada ere, euskal presoek askotan sufritzen dute isolamendu egoera. Kasu batzuetan urte luzez pairatu behar izan dute egoera hau zenbait espetxetan. Eta kasu batzuetan, ondorio larriak ekarri dituzte euren osasunarentzat.

Espetxeko arautegiak, argi adierazten du. Alegia, lehenik eta behin, legea betetzen hasi behar dira Espainiako eta Frantziako Gobernuak.

Nelson Mandela arautegiko 44. araudiak honela adierazten du:

“Zigorrak eta murrizketak ezingo dute, inolako kasuan, tortura edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo iraingarrien baliokidea izan. Bereziki debekaturik geratuko dira, beraz, hurrengo praktikak:

1. Isolamendu mugagabea.
2. Luzaroko isolamendua.
3. Iluntasunean edo etengabe argiztatua dagoen ziega batean itxialdia.
4. Gorputz – zigorrak, elikagaien edo edateko uraren murrizketa.
5. Zigor kolektiboa”

Giza eskubideak errespetatzea, konponbidea eta bakea nahi duen sare herritar gisa, ezinbestekotzat jotzen dugu salbuespenezko legeekin amaitzea. Izan ere, argi geratzen ari da kolektibo konkretu bati ezartzen zaizkion zigor bikoitzak/hirukoitzak beste garai batekoak direla; gainditu nahi dugun garaia, gainditu behar dugun garaia. Herri honek merezi duen elkarbizitza eta bake eszenatoki bat bultzatzeko, "Traki"-ren aurkako bezalako jarrerek ez dute tokirik.

Hori dela eta, SARE herritarretik, giza eskubideen alde lanean dihardugularik:

- Jose Ramon Alberdi Lete “Traki” isolamendu egoeratik ateratzeko deia egiten diogu Soto del Realeko zuzendariari zein Espainiako Gobernuari.


- Isolamenduan aurkitzen diren euskal presoak egoera honetatik lehenbailehen ateratzea, gainontzeko euskal presoekin egoteko aukera izanez.


- Isolamendu egoerak ahalbidetzen duen salbuespenezko legediarekin amaitzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide