(Des)gaitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Sara Rodriguez 2022ko abu. 1a, 10:11

Sara Rodriguezek uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '(Des)gaitasuna'.

Pertsonak sozialki definitzen dituzten egungo kategoriak kapitalaren beharrek zehazten ditu. Ildo horretan, proletarioak garen aldetik, gehiago eta gehiago ekoizteko —eta kontsumitzeko— gai izan behar dugu beti, aldi berean estatuarentzat/ kapitalarentzat geroz eta kostu gutxiago eraginez. Horrela, aurreikuspen kapitalista horiek betetzen ez dituzten pertsonak baztertu egiten dira bai ekoizpen-prozesuetatik baita kontsumorako sarbidetatik ere. Hori da desgaitasuna duten pertsonekin gertatzen dena, horrela sailkatzen baitira salgaien fluxuak elikatzeko gaitasunik ez dituztenak.

Desgaitasuna gorputz edo buru akastunak dituzten pertsonak biltzen dituen kategoriatzat hartzen da maiz. Gorputzak eta buruak nola izan beharko liratekeen eta eredu horretatik gehiegi aldentzen diren pertsonak ezinduak direla dioen nolabaiteko ikusmoldea dugu. Azken urteetan, ordea, aniztasun funtzionala gisako terminoak— ustezko inklusio edo integrazioaren aldekoak— bultzatzen eta ezagutarazten hasiak dira, baita politika erreformista berrietan txertatzen ere. Termino horrek desgaitasunaren ikuspuntua aldatu nahi eta gorputz kalteturik ez dagoela aldarrikatzen du, araua hausten duten gorputzak daudela baizik; anitzak. Arau horrekin amaitu nahi duela dio, gizartea horien beharretara ahalik eta gehien egokitzeko asmoz, eta ez alderantziz.

Komunitatean benetako integraziorako aukera errealik ez dago

Honek guztiak, ordea, dugun sistema kapitalistaren mugak azaleratu besterik ez ditu egiten niretzat, zerbait lagungarria eta aurrerakoia dirudien arren. Izan ere, komunitatean benetako integraziorako aukera errealik ez dago, ez soilik soldatapeko lanaren eta salgaien kontsumoaren dinamiketan sartzeko, baita estatuaren dirulaguntzak jasotzerakoan ere. Izan ere, desgaitasunaren nozio bera dinamika horietatik sortzen da, hain zuzen ere. Hori horrela, nahiko urrats mugatua da ezaugarri fisiko edo psikologiko jakin batzuk dituzten pertsonak mespretxu gutxiagoz izendatzea. Urrats mugatua baino, interesatua dirudi desgaitasuna dutenen lanen egokitzapenean diharduten enpresarien jardunak, non horien lanaren debaluazioa guztiz zilegi egiten den.

Itxurakeria.

Jarrera paternalistaz horien onurarako zerbait ona egiten den "pina" jartzen diote heuren buruari. Horrela, zentro okupazionaletan musutruk lanean jartzen dituzte, ondoren miseria bat irabaziko duten lan batean sartzeko eta horri esker jasotzen dituzten dirulaguntzak poltsikora sartuz.

Beraz, bada garaia aniztasun funtzionala duten langileak subjetu politikotzat ikustarazteko eta zapalkuntza horren erroa jendartearen produkzioaz baliatzen den sistema kapitalista bera dela ulertzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide