Lokartuak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Rodriguez 2022ko urt. 27a, 08:00

Sara Rodriguezek urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Lokartuak'.

Nahasmendu mentalen igoera, suizidio zein saiakera tasa larriak eta psikofarmakoen gehiegizko kontsumoa. Pandemia baino lehen ere baziren; orain, okerrera egin dute. Tabua. Estigma. Egungo sistema kapitalistak buruko osasuna pribilegio izatea dakar, osasun publikoaren zerbitzuak urriak eta kaltegarriak baitira. Hogei minutuko kontsultak eskaintzen dituzte psikiatrian, eta urgentzizkoa izanagatik, itxaron egonaldiak hilabete iraun dezake. Gainera, diagnostiko orokortuak egiten dira; noski, medikazio jakin batekin datozenak. Medikazio jakin horien inguruan ari garenean, ezinbestekoa dugu atzean dauden interes ekonomikoak azaleratzea.

Farmazia industria izugarri aberatsa eta botereduna da, eta osasun sistema bortizki usteldu du azken urteotan; medikazioak ikertu, onartu eta errezetatzeko garaian jarraitu beharreko prozedura guztia manipulatzen du. Datu zientifikoak manipulatzeaz gain, sisteman eragina izan dezakeen ia edozein pertsona diruarekin erostea dakar, osasun ministroak barne. Peter C. Gøtzsche mediku, biologo eta ikertzaile ospetsuak ere hori guztia salatu du.

Farmazia industriaren eta botiken inguruko hainbat lan plazaratu ditu Gøtzschek. Haren hitzetan, pskiatriaren arloa bortizki sinplifikatu da, eta horren eginkizun bakarra farmazeutikek emandako botikak errezetatzea da, hartzailearen onurarako izango den edo ez kontuan hartu gabe. Antipsikotikoak, antidepresiboak eta antsiolitikoak dituzten kontrako efektuei erreparatu gabe errezetatzen direla dio hark.

Farmazia industria izugarri aberatsa da, eta osasun sistema bortizki usteldu du

Egungo psikiatria medikaziora mugatzen da, jendeak farmako horien onuren eta kalteen inguruko informaziorik ez duela. Gøtzschek argitaratu gabeko ikerketak irakurtzea lortu zuen, eta orduan konturatu zen industria farmazeutikoak, batzuetan psikiatrek ere, saiakuntza klinikoak manipulatzen zituztela. Psikofarmakoak sistema kapitalistaren erraminta gisa ulertzeko, egun jasaten dugun kontrol sozialari begiratu behar diogu.

Psikofarmakoen erabilerarekin, sistemaren errua den testuinguru prekario, miserable eta zapaltzaile batek ekarritako arazo edo nahasmendu mentalak, norbanakoaren arazo indibidualekin eta genetikoekin lotzen dituzte. Modu horretan, negozio den "soluzio" bat aurkezten digute, eta bestelako irtenbiderik gabe hura kontsumitzera behartzen gaituzte. Horrela, farmazeutikak aberasten jarraitzeaz gain, medikazioaren eta diagnostikoen estigmatizazio eta trataera txarren ondorio, osasun mental ahula duen jendarte indibidualista bati bidea irekitzen die. Borrokarako eta kontzientzia garatzeko, zailtasun handiago dituena. Lokartua dagoen gizartea, gauzak aldatzeko eta zapalkuntzei aurre egiteko, indarrik eta gogorik ez duena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide