Botoa emateko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Angel Rocha 2019ko api. 27a, 09:55

Apirileko Maxixatzen aldizkarian Angel Rochak argitaratutako iritzi artikulua: 'Botoa emateko ordua'.

Egia esan, aspaldi iritzirik idatzi gabe nengoen, eta ez zait erraza egin zertaz idatzi asmatzea.

Birziklatzeaz, herri bizia izateaz, egoismoaz… idatziko nuke berriz ere, azkenaldian hainbat hari muturri tira egiteko aitzakia asko izan baita. Irudipena daukat, ordea, ez dutela interes handirik sortzen gai horiek jendartean; eta gehiago esango nuke: uste dut pertsona asko ezeroso egotera eraman ditzaketen gaiek ez dutela arrakastarik. Oso erraz eta gustura bizi gara sakontasun txikiko uretan, zaratarik gabe eta leihotik kanpora zeharka begiratzen.

Beraz, analista politiko frustratu baten paperean sartuko naiz, aspaldiko garaiak gogoratuz. Hau ere sakona eta zurruna izango da askorentzat, baina zin degizuet analisi deskriptibo hutsa egiten saiatuko naizela.

Aspaldiko boto emate gabeko tarte luzeenean bizi izan gara, baina hori amaitu da. Maiatz amaierara bitartean bi aldiz gaude deituta botoa ematera, eta ez da erraza gogoratzea zenbat gauza hautatu beharko ditugun, zenbat papertxo ezberdin sartzeko aukera egongo den beste horrenbeste gutun azaletan.

Gehienontzat, gertukoen ziurrenik maiatzaren 26ko udal hauteskundeak egingo zaizkigu, eta galdera nagusiak honako hauek dira: EAJk irabaziko ditu Azkoitian? Gehiengo osoz?

Erantzun bat ematea erraza ez den arren, azkenaldian argitaratu diren galdeketen emaitzak gurera ekarrita, baietz erantzungo nioke lehenengo galderari eta zalantzak izango nituzke bigarrenari erantzuteko.

Hala ere, irudipena daukat panorama politikoa asko ari dela korapilatzen, eta apirilean egingo diren Espainiako hauteskundeek ondorio politikoak ekarriko dituztela maiatzetakoetara begira ere. Eta ez zait iruditzen zurrunbilo ero horretan gure Azkoitia maitea at geratuko denik.

Espainiako hauteskundeetara begira, argi dago boto espainolista erabat aktibatzen ari dela esparru ideologiko guztietan, baina bereziki nabarmena ari da izaten eskuineko mugimendua. Joera horrek ziurrenik erantzun bat izango du zentrotik eta ezkerretik; alegia, eskuinaren kontrako erantzun bat izango da, eta estrategia hori baliatzeko gertu egon daiteke Sanchez presidentearen alderdi sozialista. Askotan gertatu den bezala, azken udal hauteskundeetara begiratu besterik ez dago, errazagoa da hauteskundeak zerbaiten kontra egiten irabaztea, aldeko argudioak defendatzen irabaztea baino. Estrategia hori epe motzekoa izaten bada ere gehienetan, ez zaio axola, epe motzeko gizartean, eran, bizi baikara.

Maiatza apiriletik gertuegi dago, ordea. Eta, horrenbestez, alderdi espainiazaleen alde egon daitekeen boto aktibazio orokorrak ondorioak izan ditzake udal hauteskundeetan ere; ikusteko dago toki bakoitzean olatu horiek zenbaterainoko eragina daukaten, badirudi hiri eta herri handietan eragin handiagoa izango duela.

2015eko udal hauteskundeekin alderatuta, egoera oso bestelakoa da. Orduan, Gipuzkoan eta Azkoitian oso agerian egon zen arestian aipatu zerbaiten kontrako estrategia hori, eta hainbat ideologia eta pentsaeratako pertsonak batu ziren sigla batzuen atzean. Orain, ikusi egin beharko da batuketa hori gauzatzeko faktoreek indarrean jarraitzen duten.

Gauzak horrela, izen eta abizenak mahaigaineratzeko momentua da. EAJ eta EH Bilduren lehia berri baten atarian gaude Azkoitian. Eta, orain arte esandakoez aparte, honako beste faktore hauek ere erabakigarriak izan daitezke: udalaren kudeaketaren pertzepzioa, herriko azpiegituren inbertsioan herritarrak egiten duten balorazioa, gazte/kultura/taberna gaiaren inguruan egin den kudeaketa, berdintasun politikak, euskararen normalizazioa…

Eta, amaitzeko, botoa ematera joatean erabakigarriak izango diren beste hiru kontu hauek aparte nabarmendu nahi ditut: zerrendaburuen profila edo irudia, pentsiodunen aldarrikapena eta Egoitza Kalera mugimendua.

Ea ba zer gertatzen den!

Apirileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide