maxixatzen.eus

Fidantzapean aske

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

4.000 mila euroko fidantza ordaindu eta gero aske daude, libre dira nahi duten hori egiteko. Herrian ekintza kultural bat antolatu nahi zuten, euskal musika talde baten kontzertua ordaindu eta ekarri dute herriko plazara. Azkoitiko eta inguruko herrietako gazte eta ez hain gazteen eskura jarri dute ekimen kultural aipagarri eta nabarmen bat. Euskaratik eta euskaraz sortutako talde baten sormen lanaren eta herriaren artean zubi lana egin dute. Asko kostata bada ere, azkenean, fidantza ordainduta lortu dute Azkoitiko tabernariek Su Ta Garren kontzertua antolatu ahal izatea.

Azaroaren 18ko gauerdian izan zen kontzertua enparantzan; festa, ordea, aurretik hasi zen. Arratsaldeko zazpietatik jendez mukuru zeuden herriko tabernak, gaztaina saltzaileak herriko eliz atarian duen saltoki dotore berriaren aurrean jende ilara luzea ikus zitekeen, herriko arropa dendetako erakusleihoei begira jendea Gabonetarako Olentzerori zer eskatu nahiko liokeen ari zen partekatzen lagunartean, herriko jatetxeetan ez zegoen lekurik afaltzeko, goizaldera arte herriko tabernetan jendetza ibili zen dantzan eta parrandan (herriko hainbat gazte lanean aritu ziren gau guztian soldata baten truke), goizaldean egunkari saltzaileek ere ale batzuk gehiago saldu zituzten paperezko euskarriak bizi dituen garai zail hauetan, eta okindegietan ere jendearen joan-etorria ohiko igande goiz batekoa baino handiagoa izan zen.

Hala eta guztiz ere, azkoitiar askok ziur nago beste interpretazio batzuk egin dituztela, beste egia bat eraiki dutela, eta hori ere zilegi da. Kale Nagusian edo inguruetan bizi diren herritarrentzat bizikidetzaren arazoa agerian egongo da; alegia, nola uztartu udazken gau eder batez disfrutatzen eta gozatzen ari diren gazteen eta aste gogor baten ostean deskantsu eta bake bila dabiltzanen asmo, nahi edo gogoak. Zikinkeria ere ohikoa baino handiagoa izango zen igande goizean, eta horrek ere emango zuen zer esanik. Goizean goizeko mezetara zihoazenek edota mendirako eliz atarian gelditu zirenek pairatuko zituzten usain eskasaren ondorioak kale garbitzaileen begiradapean.

Gertaera bat, eta interpretazio ugari, eta horiek guztiak multzotan batuz gero bi egia, elkarren aurrean mokoka, bakoitzak bereari eutsiz, arrazoia nork edukiko duen borrokan. Aldekoak eta kontrakoak. Beti bezala, askotan zeren alde edo kontra ari garen ere ahaztuta, baina tribu horren identitatearekin bukaeraraino iristeko prest.

Irtenbidea ez da erraza, baina ez zait iruditzen hain zaila denik ere. Lehenik eta behin, bakoitzaren ardurak eta konpromisoak zein diren zehaztu beharko da, eta gero horiek bete, eta ez badira betetzen, aitortu.

Hori guztia eraiki nahi badugu, fidantzek eta inposizioaren norabidean sortzen diren neurriek ez dute batere laguntzen. Hasteko, udalaren ardura edo zeregina da kontzertu bat herriko plazara ekartzea, kultur ekimenak sortzea (euskarazkoak badira, hobe), ekonomia sustatzea… Azken batean, herriaren eta herritarren alde egitea da hori, eta, beraz, berak egin ez eta hirugarren bati, tabernarien elkarteari, ez lagatzea larria da. Ez egin, ez laga egiten eta oztopatu gainera.

Tabernariek ere badituzte beste ardura batzuk, eta horiek bete beharko dituzte: esaterako, zarata eta musikaren bolumena zaintzea, ordutegia errespetatzea eta adin txikikoei alkoholik ez ateratzea.

Eta gurasoen ardura da gure seme-alaba adingabeak goizaldeko lauretan kalean egotea eta balio positiboetan oinarrituko gazteak heztea.

Ezin gara hasi pilotan, aitzakia bila, bakoitzarenak direnak besteari pasatzen. Gauza bat garbi daukat: ez dut gure “gazte” garaiko Azkoiti hartara itzuli nahi; ez dut nahi gure seme-alabak kotxean astebururo-astebururo atzera eta aurrea ibiltzea, ez dut nahi…

Erantzunak

Erantzuna | #1

Lehendabizi esan, orokorrean idatzitako gauza askorekin bat natorrela.

Iritzi artikuluen esaten da "bakoitzaren ardurak eta konpromesuak zein diren zehaztu behar da" eta honekin guztiz ados nao

Kontue da, betebeharrak eta ardurak, nolabait regularizatuta daudela, eta badirudi hau ez dala guztatu.

Azpeitiyen, subida urraki egiten danin, antolatzaileei : Eusko jaurlaritzako Herrigintza saileko baimena, Foru Aldundiko errepide saileko baimena, egutegia, antolatu duten ekimena babesten duen seguroa eta karrerak zor ditzazken kalteak kubritzeko fidantza eskatzen zaie.

Zestuen Zirkue etortzen bada, eta animaliak ekartzen baditu, Eusko Jaurlaritzako baimena eta dituzten animali guztien zentsue eta behar dan bezala saindute dauden zertifikaue, ekintzari dagokion seguroaren zihurtagiria eta zor daitezken eragozkenak kubrituko dituen fidantza eskatzen da

Donostin, Heineken ek antolatzen dituen kontzertuetarako, udalak, antolatutako ekintzaren segurtasun plana, segurtasuna bermatzen egongo diren kideen zerrenda eta emergentzi protokoloa, ekitaldiak zor ditzazken kalteengatik seguroa eta fidantza eskatzen zaie, beste gauza batzuren artean.

Eta hórrela, herriz herriz, Angelek idatzi duen "bakoitzaren ardurak eta konpromesuak " bideratzen dira.

Baina Azkoitin, badirudi, antolatutako ekintzaren ardurak bideratzeko fidantza eskatu eta nolabaiteko herri mugimendua martxan jarri behar dela "inposizioa" bandera hartuta.

Fidantza jarri eta ezer gertatu ez bada bueltatu egiten dela jakinda, benetan iruditzen zaigu Azkoitiko tabernariak ez direla kapaz fidantza hau jartzeko? benetan esaten da "asko kostatu zaiela" diru hau batzea?

IBEX 35 eko enpresariak nagusi Azkoitin ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa