Gazteria kriminalizatzen

Erabiltzailearen aurpegia Rina Cabeza 2021ko api. 13a, 08:00

Rina Cabezak martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Gazteria kriminalizatzen'.

Azken hilabeteetan masa-komunikabideek gazteriaren aurkako kanpaina bat jarri dute martxan; hau da, gazteok kriminalizatzeko irudi estandar bat erabiltzen dute; gazteria arduragabea. Hori da, gaur egun, gazteen inguruan zabaltzen den ikuspegi orokorra.

Bestalde, polizia agenteen presentzia ere nabarmen gehitu dela denok ohartu gara. Baina benetan, zein da agente horiek betetzen duten funtzioa pandemian? Nik uste dut argi geratu dela horien funtzioa zein den Euskal Herriko hainbat tokitan azken asteetan bizi izandako gertaerak kontuan hartuta. Horren adibide dira Donostiako Alde Zaharrean gertatutakoak edota Azkoitian bertan pasatutakoak (eraso fisikoak, irainak, isunak edota identifikazioak). Eraso horiek guztiak kapitalismoaren biolentzia estrukturalaren barruan ulertu behar ditugu eta ez modu isolatu batean.

Alde batetik, gazteriaren kriminalizazio masibo bat ematen ari da komunikabideetatik; beste alde batetik, berriz, polizien botere erakustaldi bortitzen ikusle gara. Horren guztiaren bitartez, etorkizuneko langile despolitizatu, obediente eta sumisoak nahi dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide