'Las águilas de Roma' ETB2n

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2023ko mar. 30a, 00:00
Una historia de Vasconia telesailaren atal bat da Las águilas de Roma (2015), ETB2n oraintsu berriz eman dutena. Goizean goiz samar, ETB1en marrazki bizidunak ikus daitezke, eta ETB2n, besteak beste, programa hori. Bitarteko ugariz egindako programa bat da eta niri behintzat, oro har, interesgarria egiten zait eta beti ematen dit zer-pentsa.

ETB1en zergatik ez ote dago Euskal Herriaren beste historia bat, bestelako ikuspegi batekin, zeren Una historia de Vasconia interesgarria den arren, euskaldunon isolazionismoaren mitoa borrokatzen diharduela, nago egungo statu quo-ari ematen diola hauspoa.

Gagozkion atal honetan, tesia honako hauxe da: duela bi mila urte erromatartu ginen (agerra ez ezik saltusa), eta 500 urtean, Baskonia inperio erromatarraren probintzia izan zen. Horrenbestez, Sanchez Albornoz historialari espainiarrak ez zuen arrazoirik euskaldunoi honako perla hauek eskaini zizkigunean: «No son más que unos españoles sin romanizar; son gentes rudas, sencillas, que además se creen hijos de Dios. Tienen mil años de civilización menos que cualquier otro pueblo. Que hablen euskera si pueden, pero a pagar impuestos». Hala zioen, Franco hil berritan, 1976an. Katalanak eta galiziarrak ez ziren arazo, autonomia baino ez zuten nahi, arazoa euskaldunok ginen. Sanchez Albornozen hitz horiexek eraman zuten Joxe Azurmendi Espainolak eta euskaldunak idaztera.

Gatozen programara. Lehenik, erromatarren garaiko aztarnategiak agertzen dira Euskal Herrian. Aitortu beharra dago askotxo daudela, eta egia da garai batean uste izan genuen baino erromatar aztarna askoz gehiago agertu direla azken hamarkadetan, eta alde horretatik programa hizpidean dagoela.

Ildo beretik, programaren arabera, gure erromatartzearen frogarik pisuzkoena Erromako armada inperialean parte hartu izana da, baskoi eta barduliar kohorte laguntzaileen bitartez. K.o. 70. urte inguruan, bostehun laguneko kohorte laguntzailea osatu bide zuten baskoiek, lantzaz armaturiko zaldizkoz osatua, eta inperioari erasotzen zioten bataviarren aurka (holandarren arbasoak) borrokatu ziren Rhin ibaiak markatzen zuen mugan, egun Alemaniakoa den eremuan (Krefeld-en eta Xanten-en); eta barduliarrek, berriz, lantzez hornituriko mila zaldizkoz osaturiko kohortea osatu zuten egungo Ingalaterraren iparraldean, Adrianoren harresia zeritzanean, erromatarren aurka borrokan ziharduten eskoziarren arbasoen aurka gudukatzeko —200 urtez aritu bide ziren han—.

Erromako arranoaren hegoak (zaldizkoak) eta erpeak (lantzadunak) izan ginen, eta odola isuri eta isurarazi genuen orduko euskaldunok, eta ordainetan, borroketatik bizirik itzultzea lortzen zutenek erromatar hiritartasuna eta latina ekartzen zuten jaioterrira. Baskoi eta barduliar izaten jarraitzen zuten, baina, aldi berean, erromatar hiritartasuna izateaz harro.

Une batean dio aurkezleak garai hartan guztira 15.000 inguru izango omen ziren barduliarretatik (gipuzkoar eta bizkaitar) mila euskaldun gazte errekrutatzea kasik gazte guztiak errekrutatzea zela, eta borrokan hiltzen zirenak ordezkatzera beste gazte batzuk bidaltzen zituztela. Armada inperialaren zerbitzuan 25 urte egiten zituzten. Horrenbestez, tribuetan banaturik ere, ez genuen Madriletik edo Paristik igaro beharrik erromatarren zerbitzuan gudukatzeko. Horren froga gisa egun Alemaniako Krefeld-eko Burg Linn museo arkeologikoan (Geldubako gotorlekua) eta Ingalaterrako Newcastle-eko Great North museoan dauden harrizko idazkunak, aldare erromatarretan zizelkatuak.

Froga horien egiatasunaz harago, egitate historiko horiei ematen zaien interpretazioaz hitz egin nahi nuke, zeren interpretazioak egungo egunera ekartzen baikaitu eta etorkizunera proiektatzen.

Programaren arabera, erromatarrak iberiar penintsulara kartagotarrei aurre egitera etorri ziren, egun NATO eta Errusia etsaiturik dauden bezala, orduan erromatarrak eta kartagotarrak baitzebiltzan inguruko munduaren jabe egin nahian, eta bidean topatu zituzten herriak konkistaz baino gehiago sedukzioz asimilatu zituzten —nor erresistitu erromatarren etxeen erosotasunei, bainu publikoei eta zirkuko jokoei eta!—, gurea barne. Historia horrelakoa izan da, eta gu irabazleen aldean egon ginen orduan, eta horretaz harro egon gaitezke. Sanchez Albornoz oker zegoen.

Joxe Azurmendiren gorago aipaturiko liburuaren amaieran, honela dio:

«Gogora ditzagun, azkenaldion gure artean erabili diren arrazoiketa batzuk: kapitalismo aberri gabeak Erdiuharteko herri guztiak Estatu batean berdindu eta asimilatu dituela eta pauso progresista eta iraultzailea izan dela hura; Euskadi ez dela euskaldun hutsa, hainbeste etorkin eta basko dagoela; Euskal Herria naziorik ez dela, soil nazionalitate baizik, eta abar. Arrazoibide guztiok funtsean gauza berberera apuntatzen dute: nazio planteamoldea ukatzera.

Herri bat garela eta naziorik garela, ez diogu inori agertuko azterketa txorrotxak herritasunaz eta naziotasunaz eginez, nazio bezala jokatuz baizik. Praxiaz. Kontzeptuak eta interpretazio historikoak nahi den bezala bihur litezke [...] Gu gure etsaien kontsiderazio berberetatik hasten gara: euskal kultura erkina dela; nazio erdi desegina garela. [...] Etorkizunera begira auzia garbi dago: hemendik ehun urtera, edo euskal nazioa izango gara edo ez gara ezer izango. Hori da dena. Orain ilun dago zer garen. Hortakoz praxiak bakarrik erabaki dezake, zer garen. (578-580)».

Alde onak aitorturik ere, horrelako erdarazko programek burujabetzaren bidean eta euskal naziogintzan bultza egitera baino gehiago ez al gaituzte bideratzen egungo mendekotasunezko egoeran planto egitera?

Osorik irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide