'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta'

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2022ko urt. 7a, 09:50

Pako Sudupe idazleak Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Adinean aurrera goazenoi, besteak beste, gure hautu kultural eta politikoei errepasoa emateko aukera bikaina eskaintzen digu Joan Mari Torrealdai Nabearen liburu postumo honek; gazteago direnei, berriz, historia hurbilaren berri gehiago izateko, eta egungo egoera politiko-kulturala hobeki ulertzeko gako batzuk.

Frankismo luzean, euskalgintza guztia zen estatu botereetatik independentea Euskal Herri penintsularrean, baina 1978ko Konstituzioaren eta 1979ko autonomi estatutuaren onarpenaren ondoko erakundetze garaian, euskalgintza bitan banatu zen, eta Torrealdai eta Azurmendi eta beste askoren iritzian, erakundetze horrek errespetu gutxi erakutsi zuen frankismo garaiko euskalgintza merezimendu handikoarekiko, eta arrakalak sortu zituen. Eta arrakalak gehiago zabaldu ziren Ajuriaeneko Ituna sinatu zutenean 1988ko urtarrilean.

Pantxoa eta Peio kantariekin ikasi eta kantatu genuen Telesforo Monzonen lelo abertzale izan ezkero gaur, gauden denok anai hura, guztiz higatu zen, eta abertzale/espainolista dikotomiatik demokrata/biolentora igaro ginen. Demokrata izateak ez zuen esan nahi Espainiako estatua onartzea eta autonomiarekin etsitzea hori orain garbiago dakusagu, baizik eta politikoki errealista izatea eta etiko-moralki zintzoa, eta demokrata ez bazinen, HBkoa zinen edo ingurukoa, eta ETAren aldekoa hortxe nonbait; eta, beraz, onenean, erromantiko txoro bat eta moralki guztiz gaiztoa. Eta erdian egotea ia ezinezko bilakatu zen, ekimen kulturaletan ere.

Politikari eta hedabide indartsuenen mantra horrek guztiz mendean ez hartzeko Joan Mari Torrealdairi Joxe Azurmendik ireki zizkion begiak (eta beste askori, neuri barne):

Euskal gizartea bi frontetan polarizatua dago. Franco-ren ondorengo historia errepasatzen bada, niretzat PSOEren, konkretuago Jauregui-ren, sekulako exitoa kontsideratu behar da hori (eta azken urteotako daturik inportanteena politikan): Euskadiko gizartean halako eboluzioa eragitea, kontraesan politiko nagusia bizitza publikoan abertzaletasunarena izatetik, orain demokratismoarena izatera. (Abertzaletasuna bera lau alderditan laurkituta dagoela, gainera, eta lau sektak herio-suharki elkarri kontrajarrita.) Horrela nazio-arazoa praktikan bigarrentiarra da «abertzale»-entzat berentzat: indar politikoak polarizatzen, edo elkartzen/kontrajartzen dituena, «demokrazia» da. «Marxista» batzuen kontra lehenago «abertzale»-ok sutsu ahalegindu ginen, nazio-arazoa ez zegoela klase-borrokaren planteamenduari subordinatzerik. Erakundetxo kultural eta politikoetan, ikastoletan, ETA-n bertan, borroka gogorra izan zen. Begira, bada, subordinatuta dago.

(b) Ez askatasunagatik. Bakeagatik. Bakea absolutu bihurtu da. (...) («Abertzalea» deritzon mugimendu baten balio-sisteman, egon ote daiteke bakea askatasuna baino lehenago? Zein modutako logikarekin? (55 or.).

Irakurri artikulua osorik, Berriaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide