Dezepzionatu egin nau Ibarretxeren artikuluak

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2011ko urr. 28a, 00:00
Askoren moduan, arindua sentitu dut ETAk armak uztea erabaki duen honetan, bazen garaia! Gero idatzizko erreakzioak irakurtzen ari, Juan Jose Ibarretxek urriaren 22an egunkari honetan bertan argitaratutako artikuluak eman dit zer pentsa.

Lehendakari ohia, egun politikatik baztertuxe badago ere, ez da nornahi, eta dudarik gabe badu itzala; ez alferrik Madrilgo Diputatuen Biltzarrean esan zuen 2005eko otsailaren 1ean: «Eusko Legebiltzarraren izenean etorri naiz hona, Espainiako Gorteetara, defendatzeko Euskadi eta euskaldunok eskubide osoa dugula gure etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko». Denok dakigu nola hartu zuten han: erabateko ukoa agertu zioten bi alderdi nagusietako ordezkariek, gutxietsi zuten, trufatu ziren eta umiliatu zuten, eta bide batez umiliatu gintuzten EAEko euskal herritarrok, hura baikenuen une hartan gu guztion ordezkari. Ekimen hura bertan hil zen, Ibarretxe erretiratu zen eta PNV PSOErekin tratu politikoan aritu da, eskumen eske babesaren truk. Uste izatekoa da amorrua eta mesfidantza handia sortuko ziola Madrilen eman zioten zafraldiak, PSOE eta PPren aldera, baina ez da hala sumatzen artikulua irakurririk. Lehen zatian bakeaz eta adiskidetzeaz dihardu, eta bigarrenean, berriz, auzi politikoaz.

Bakea eta adiskidetzea gauza ederrak dira, baina ez dira funtsean alor politikoko gaiak; politikariak bakea eta adiskidetzea predikatzen hasten direnean, beraiek onak eta zintzoak direla esan nahi izaten dute eta gainerakoak gaiztoak eta maltzurrak; alderdi politikoak, gobernuak, indar armatuak ez dira batere instantzia moralak, espainiarrek sakratutzat duten Konstituzioa ere ez: 2. artikuluan, Espainiaren hautsiezintasuna aldarrikatzen duenean, eta 8.ean, indar armatuei Espainiaren lurralde osotasuna atxikitzea ezartzen dienean eginkizun nagusitzat. Bakea eta adiskidetzea predikatzea apaizei dagokie eta euskal politikariei auzi politikoak konpontzea, eta presazkoenak biktima guztien aitortza, preso eta iheslarien afera badira ere, horiekin estu-estu lotuta auzi politikoa dago, ETA hain justu berrogeita hamar urtean bizirik mantendu duena. Goazen, beraz, artikuluaren bigarren zatira zuzenean; zer dio Ibarretxek arazo politikoaren konponbideaz?

Inozotasuna baino gehiago inozokeria agertzen du honako hau dioenean: Gizarteari dagokio hortik aurrerako bidea (...). Egia da oraindik orain harrokeria handiz uko egin diola Espainiako estatuak planteatzen dudan honi, baina, azken batean, demokraziaren beraren muina oinarri duten jokabideak dira. Zalantzarik sortuko balitzaie, badute nora begiratu munduan: Eskozia, Irlanda, Quebec, Groenlandia, Flandria… iturri horietatik guztietatik edan dezakete. Espainian badirudi oraingoan PPk alde duela haizea. Hala bada ere, ez naiz alderdi horrek Euskal Herrian datorrena hankaz gora jarriko duela uste dutenetakoa.(...) Espainian agintera iristen badira, gaur edo duela aste gutxi ezinezkoak ziruditen diskurtso eta jarrera-aldaketak ikusiko ditugu.

Inozokeria hori interpretatzeko orduan irakurle bat baino gehiago bat etorriko da nirekin: egungo EAJko gidarien politika babesten ari da Ibarretxe, prestasuna agertu baitute Madrilen Gobernuan dagoenarekin itunetara heltzeko orain arte bezala, lehen PSOErekin bezala orain PPrekin.

Aldiz, kritika gogorra erakusten du PSOEk eta ezker abertzaleak Loiolako elkarrizketetan erakutsitako jarrerarekiko: gaur badagokigu gogoraraztea Zapatero presidentea prest egon dela beti ETArekin politikaz hitz egiteko, nahiz uko egin gero auzi horiek berak euskal erakunde demokratikoekin eta nirekin negoziatzeko. Jokabide honen lekuko dira Euskadirako Estatutu Politiko Berriari, inolako negoziazio ahaleginik gabe, atea ixtea, edota kontsulta egitea debekatu izana. Azkenean Zapaterok onartu zuen ETArekin eta ezker abertzalearekin hitz egin beharko zuela, mundu horretako kideek ez zutelako inolako traturik nahi EAJrekin. Hiru hitz besterik ez zizkidan esan, «Nolako gorrotoa dizueten», baina bai hitz adierazgarriak!

Hitz horiekin iradokitzen du Ibarretxek Espainiako estatuko gobernuak guztiz moralik gabe jokatu zuela, erakunde demokratikoekin hitzarmenak egin barik, ETArekin negoziatzean, eta ezker abertzalea ere PSOEren pareko edo okerragoa dela hain zintzo jokatzen duten jeltzaleekiko hainbesteko gorrotoa agertzeagatik. Eta galderak datoz: nolatan segitu du EAJk tratutan PSOErekin azken sei urteotan, hain moralgabe jokatzen duen alderdiarekin? Garbi dago erantzuna, hemendik hilabetera egingo diren hauteskundeetan dagoela, eta azkenean artikulu hori, bere itxurazko handitasun morala gorabehera, PNVren kanpainako artikulu bat gehiago dela.

Zergatik ote dio ezker abertzaleko jendeak horrelako gorrotoa PNVri? Ez ote da izango Espainiako demokrazia legitimatzen lan eskerga egin duelako; demokrazia espainolaz hitz egin beharrean, demokrazia huts-huts puruaz hitz egin izan duelako urte hauetan guztietan, alderdi espainolak berak baino sinestunago demokrazia espainolean.

Esanda bezala, dezepzionatu egin nau Ibarretxek, eskuzabal eta inozo batez ere PPrekiko agertzen delako, frankismoa inoiz gaitzetsi ez duen alderdiarekin, haren oinordeko politiko zuzena denarekin, eta susmo gaiztoz ezker abertzalearekin, azken buruan euskal herritarron erabakitze eskubidearen alde daudenekin. Bada garaia Espainiarekiko mendekotasun sadomasokista hori gainetik kentzeko eta erabakitze eskubidearen alde gauden guztiok gutxienez PPk eta PSE-EEk sortu duten batasuna sortzeko. Ez dut esperantza galtzen, hauteskundeei begira idazteak lausotuko zuen lehendakari ohia: Juan Jose, eskuzabal eta inozo gure erabakimenaren aldekoekin!

Osorik irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide