'Charles Taylor eta Quebec' artikulua dela eta

Erabiltzailearen aurpegia
Euskaldunok geure askatasun nahiak hartaraturik eredu bila gabiltzan honetan, ez digu filosofo txarra begiz jo Jon Sudupek oraingoan, baina artikuluaren xedea betikoa du, dugun status quoa aldatzeko desira urdintzea. Seinalatutako filosofoa ona orduan, baina artikuluaren helburua unionisten aldekoa?

Charles Taylor, besteak beste, Sources of the self. The making of the modern identity liburu bikainaren egilea da, eta nire deiturakideak aipatzen duen Reconciling the solitudes: Essays on Canadian Federalism and Nationalism liburuarena, eta Kanadan bizi delako birritan izan du aukera Quebecen independentziari ezezkoa emateko.

Gurean, berriz, nahikoa dugu Katalunian zer gertatzen ari den ikustea eta han eta hemen ere zer esaten diren entzutea —azkenengo perla originala Idoia Mendiarena: erabakitzeko eskubidea ez datorrela demokraziarekin bat; espainiar demokraziarekin ez, euskal demokraziarekin bai!—, nik Jon Suduperi opa diodana gauzatzeko aukera: Katalunian egin nahi duten gisako galdeketa batean bi galderei ezezkoa emateko abagunea; ez du ematen puska batean izango dugunik, eta emana ez baizik gure borondate sendoz erauzia beharko du izan, Espainiako estatuak eta espainiar askok duten batasun sakratuaren sentimendu irrazional eta inpositiboaren erruz.

Autonomia, edo federalismoa edo independentzia hautatzeko aukera dugun egunean utziko diot gisa honetako artikuluak jorratzeari; ezen Rajoy, Mendia, eta gisakoekin lerrokatzen baitira azken buruan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eskubidearen ukatze bidean.

Osorik irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.

Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide