'Lasa eta Zabala' filmaren irakurketa bat

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2014ko urr. 31a, 00:00
Ez naiz zinema kritikari; ez dut aktoreen eta zuzendari-gidoigilearen lana epaituko, eszenen lortua edo hutsegiteak azpimarratuko, baizik eta filmak utzi didan arrastoa teklak joz bilakatu nahi dut arrasto sakonago, urteen joanak erabat ezaba ez diezadan. Memoria politiko gisa duen balioa ustiatu nahi nioke filmari, bereziki film politikoa baita, 12.000 orriko sumarioan oinarritua. Politikoa dela esanda, halere, ez dugu asko esaten, erabiliaren erabiliaz ondo maiztua baitugu izenondo hori.

Zergatik sartu ziren Lasa eta Zabala ETAn?, Iparraldera igaro aurretik zer ekintza egin zituzten? Ekintza ezagun bakarretarikoa, nik dakidala, aurrezki kutxa batean gaizki ateratako lapurreta ahalegin bat. Bestaldean nola bizi ziren poliziek bahitu baino lehen? Galdera horiek ikustera doanak eraman litzake gogoan, baina ez dira film zuzendari eta gidoilariari interesatu izan zaizkien galderak. Poliziek kolpea jotzea zergatik erabakitzen duten, argiago gelditzen da: untxiak bezala akabatzen zituzten guardia zibilak eta poliziak urte haietan, eta mendeku hartu nahi zuten, zituzten baliabide guztiak baliatuta, eta ez ziren gutxi, estatua eta estatuko funtzionarioak lagun zituztela.

Torturatzaile eta hiltzaileen ekintzak, hitzak, jokabideak, eta haiek epaiketan eserarazteko Iñigo Iruinena egiten duen Unax Ugalde aktoreak eta laguntzaileek, Iñigo Gastesik bereziki, egin zituztenak filmera ekartzea dute xede nagusi zuzendari-gidoilariek.

Blogetan eta aipatu da hitanoa —forma alokutiboak— ez dituztela behar bezala erabiltzen. Ziur txukunago egon zitekeela euskara aldetik, baina, oro har, nik uste, gaizki ez dagoela bi hizkuntzen tratamenduaren aldetik, eta, oro har, sinesgarri gertatzen dela.

Bestera etorriz, Tolosako hilerrian ertzainek izan zuten jardun tamalgarria bere gordintasunean islatua dago? Esango nuke eztitua dagoela, baina, ageri da, eta garbi gelditzen da estatuaren errepresioan kidego horrek eta EAJ buru zuen Jaurlaritzak izandako kolaborazioa.

Gorago esan bezala, filmean leku handia dute errealitatean Iñigo Iruin abokatuak bere laguntzaileekin egindako ahaleginek epaiketa, lehenbizi, egin zedin, eta bigarrenik, epaia egitateen araberakoa izan zedin, justu samarra alegia. Bada, Lasa eta Zabalaren atxilotze, torturatze eta erailtze katean protagonista nagusiak inplikarazteko abiatutako deklarazio bilaketan, Holms-Watson eskema begitantzen zaiguna erreproduzitzen da: Iruinena egiten duena Holms, eta haren laguntzailea, Watson; bataren azkartasuna nabarmentzeko, bestearen moteltasuna areagoturik.

Bada, haatik, alde nabarmen bat Holms-Watsonen harremanetik urruntzen gaituena: une batean, izugarrikeriaren protagonistek ehuntzen duten babes-amaraunean harrapaturik eta ezinak jota delarik, Unax Ugalde aktoreak proposatzen dio Galindok-Elgorriagak-Verak afaldu zuten jatetxe-jabeari gezurrezko lekukotasun bat emango al duen abertzalea denez gero; tentatzen du, eta orduan beraren laguntzaileak errieta egiten dio, abokatuaren lerratze moralgabea leporatuz, denak ez duela balio aurpegiratzen diola.

Alta, epaiketan, Unax Ugaldek atzera egiten du, eta ez du lekuko abertzale delako hori deitzen. Tentazioan jausi bai, baina moralgabekeria burutu ez!

Argumentu-lerro hori, jakina, fikzioa da —Iñigo Iruin berari entzun ahal izan diogun bezala egin dizkioten elkarrizketetan—, eta polizia thriller kutsua ematen dio filmari, eta atseden pixka bat ikusleari, emozio-zurrunbilotik landa.

Guardia zibil protagonistena, eta halaber haien buru Galindorena egiten dutenak modu sinesgarrian daude irudikatuak, haien sadismoa torturaketan ongi ispilatua, eta epaiketan agertzen dituzten ahultasun une apurrak ere; kritika batean irakurri dudanez, zenbait kritikari espainiarri karikaturak iruditu arren, filmean bete behar duten eginkizunen amoretan karikaturizatuak alegia. Alde horretatik, torturaren errealitate latza bere gordintasunean agertzen duen dokumentu bikaina da film hau, estatu-torturaren erakusgarri ezin ukatuzkoa.

Galindorena egiten duen aktoreak epaiketaren une batean dio berak ez duela inor torturatu, eta bere gizonek ere ez, eta gisa hartako gizonekin, bikainenak bere ustean, ez zela ezinezko izanen Hego Amerika berriz konkistatzea, bere eldarnio inperialistak bikain islaturik filmak.

Iñigo Iruin eta laguntzaileen —epaiketan bertan bihotzekoak emanda hil zen komisarioa agertzen da estatu funtzionarioen artean figura nobleen eta justiziaren aldekoen— neke eta ahalegin laudagarriei esker lortu zen epaiketa burutzea, eta kondena urte luzez zigortzea epaileak; baina filmaren amaieran gogorarazten zaigunez, beren bizi guztia kartzelan eman barik, sei urte egin zituzten Dorado eta Bayo torturatzaile-hiltzaileek, lau haien buru Galindo jeneralak, eta bat baino ez Elgorriaga gobernadore zibilak.

Hortxe dago film honen baliorik handiena nire iritzian: argi eta garbi erakusten du etakideen borroka armatuak estatu-funtzionario armatuak, buruak bereziki, eta haien mendeko hainbat gizapiztia bilakatu zituela, eta estaltzaile sare luze bat ehundu zela, estatuaren erakunde guztietara hedaturik; azkenean, indultua emateraino izugarrikeria haien egileei. Estatuak ez du barkamenik eskatzen; indultuak eta dominak eman bai funtzionario leial-ausartei! Eta horri lotu-lotua torturaren errealitatea aitortu beharra Estatuak, eta herritarrok hori ez ahaztea.

Gogorra da ikusteko, marka uzten du, emozio desatseginak sortzen ditu, baina txaloak merezi ditu, ez ahazten laguntzen digunez gero.

Osorik irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide