Udaltzaingoa

Erabiltzailearen aurpegia Piztu 2018ko ira. 10a, 22:24

Azken hilabeteetan Udaltzaingoaren presentzia nabarmen hazi da Azkoitian. Hala ere, hori ez da larriena; kaleetan ere euren jazarpenak gora egin du. Horren adibide dira isunen gorakada eta herri mugimenduari jarritako trabak. Isunen arazoa egunerokotasunean zein festa giroan ere gertatzen da. Parrandan ikusi izan ditugu jendearen aurkako erasoak biolentzia erabiliz eta legedia burgesa muturreraino aplikatuz.

Herri mugimenduari dagokionez, aipagarria da Herri Moimentuk zein beste eragilek jasan duten adierazpen askatasun urraketa eta ekintzak burutzeko oztopoa. Horren adierazgarri dira andramaixen aurretik udalarekin elkarlanean herri-txosnei eginiko sabotaia jarraitua. Gaztarena izan arren ekintza entzunena, festetan zehar gertaera asko izan ditugu: prepotentziaz itxi dizkigute txosnak, oihuka eta mehatxupean, berauek aurretiaz esandakoaren aurka eginez. Hasieran gauza bat esaten ziguten eta gero beste bat eginarazi, beti ere aurreikusita geneukan egitaraua izorratuz. Horretarako, Herri Moimentuko militanteen telefono zenbakiak hartzen zituzten herriko jardun militantea gelditzeko asmoz.

Hala ere, esanguratsuena adierazpen askatasuna urratu zutenean izan zen; abuztuaren 17an, eurak herriaren etsaitzat genituela zioen pankarta bat kenduaraziz, bizikidetzaren? izenean. Guk badakigu geure eskubide osoa dugula horiek etsaitzat hartzeko burgesiaren aparatu errepresibo diren heinean. Horrez gain, badakigu herriko sektore handi batek ez duela Udaltzaingoa gustuko. Beraz, ziur gaude herriaren ideiak jasotzen dituen pankarta bat ezin digutela kenduk, eta are gutxiago pankartako protagonistek. Berdin zaigu mozal legeak zein beste edozein lege burgesek zer dioen.

Hori esanda, argi gelditzen da Udaltzaingoak Udalaren interes politiko konkretu batzuk betetzen dituela, herri langilearen interesak alboratuz. Isun bidez konpondu nahi dituzte kapitalismoak eragindako arazoak. Arazo sozialak konpontzea egungo Udal gobernuari urrun gelditzen zaion zerbait dela deritzogu. Urrun gelditzen zaionez, klase zapaldua osatzen dugunoi isunak jartzea edo geu izorraraztea da daukaten irtenbide bakarra, eta hor sartzen da Udaltzaingoa. Udal gobernu zentzudun batek arazoari errotik heldu eta diru publikoa ez luke horien soldatetan xahutuko. Herriko festa eredua eta droga legal zein ilegalen kontsumoa arazo badira, heldutasunez heldu behar zaio gaiari, arazoa arazo sozialtzat hartuz eta horri aurre egiteko ekimenak martxan jarriz. Errazena Udaltzaingoa bidali eta harrokeriaz isunak jartzea da. Herrian aparkatzeko arazoa baldin badago, arazoa sustarretik heldu eta konpontzen saiatzea litzateke egokia. Errazena, azken aldian bezala, isunak jartzen jarraitzea da. Eta horrela beste hainbat adibide.

Udaltzaingoaren jarrera ere lotsagarria dela iruditzen zaigu. Uniforme batek, badirudi, herritarrok gaizki tratatzeko eta gainetik jartzeko eskubidea ematen diela. Lehen esan bezala, handikeriaz, harrokeriaz eta mehatxuz.

LAGA GAITZAZUE BAKEAN!


Piztu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide