Infantil mailako pilotariek eskuz binakako finalak jokatuko dituzte Sopelan eta Urretxun

Erabiltzailearen aurpegia Oteiza pilota elkartea 2023ko urt. 5a, 13:09
Etxaniz, ezkerrean, eta Segurola, eskuinean.

Sopelako Baserria Km0 txapelketako finala jokatuko dute Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak, bihar. Etzi, berriz, Urretxuko Gabon Kopako finala jokatuko dute Pello Alkortak eta Oier Juaristik.

Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko infantil mailako pilotariek eskuz binakako finalak jokatuko dituzte bihar eta etzi. Bihar, ostirala, Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak infantil mailako eskuz binakako Baserria Km0 Txapelketako finala jokatuko dute Sopelan (Bizkaia). 10:00etan hasiko dira finalak eta eguneko hirugarrena jokatuko dute azkoitiarrek. Naiarako (Errioxa) Paraguayo VII.a eta Leitzako (Nafarroa) Bidart izango dituzte aurkari bi azkoitiarrek.

Etzi, larunbata, Pello Alkortak eta Oier Juaristik eskuz binakako Urretxuko (Gipuzkoa) infantil mailako Gabon Kopako finala jokatuko dute. Urretxuko Ederrena pilotalekuan izango da partida; jaialdia 10:00etan hasiko da, eta azkoitiarrek eguneko zazpigarren partida jokatuko dute. Aretxabaletako (Gipuzkoa) Alarcia eta Ibabe izango dituzte arerio.

Ezkerrean, Alkorta, eta eskuinean, Juaristi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide