400. zenbakia, bada zerbait

Erabiltzailearen aurpegia Olaia Juaristi Zabala 2020ko uzt. 26a, 09:34

Olaia Juaristik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '400. zenbakia, bada zerbait'.

2015eko martxoan hartu nuen Maxixatzeneko trena, eta ordutik eduki ditut hamaika buruko min eta euforia. Buruko minak, zaila delako 11.000 herritarren gustura lan egitea; eta, euforia, proiektu soila, baina era berean aberatsa dugulako hilero esku artean. Bi langilerekin ekin genion herri komunikabideari –kazetari eta kudeatzaile bana–, aldizkaria eta webgunea elikatuz. Hasieratik, babes handia sumatu genuen herrian, eta horrek asko erraztu zigun jarduna, estimatutako eta askok urteetan eskatutako zereginetan ari ginela sentitu genuelako.

Hasieratik, elkarlana eta boluntario lana izan dira azpimarratuko nituzkeen bi ezaugarriak. Bestela nekez ezagutuko nukeen jende eskuzabalarekin egin dut topo lanagatik. Konturatu naiz badela euskararen eta Maxixatzen bezalako proiektu xume bezain duin baten alde makina bat ordu egiteko borondatea duen jendea, musu truk, gainera. Maxixatzeneko nire lehen urteetan, gutxitan izaten zituen lantaldeak hilean behin ez batzeko aitzakiak: zortzi orduko lanaldia dutenak, hiru umeren amak nahiz beste herri ekimen batzuetan parte hartzeko denbora ateratzen duten pertsonak izan ditut alboan. Kazetaritzaz bost urte hauetan gehiago jantzi naizela uste badut ere, pertsona gisa gehiago irabazi dudala esango nuke. Zenbat bilera amaiezin egin ote ditugu Kultur Etxeko teilatupean. Ibilbide eta adin zeharo desberdinetakoak biltzen ginen. Bilera horietan, beste hainbat gairen artean, aldizkarirako gaiak aukeratzea izaten genuen zeregin nagusia; hurrengo hilabetekaria kaleratuko bazen, gaiak aukeratuta utzi behar genituen ezinbestean. Eta eskerrak aurrez aipatutako jende horri, bestela ezinezkoa zatekeen orri zuriak tinta beltzez margotzea.

Hala ere, noski, ezin ahaztu hainbeste zenbakiren ondoren zuek, herritarrok. Jende on askorekin egin dut topo bidean. Gutxi izan dira proposatutako elkarrizketari uko egin diotenak edo kolaborazioak eskatutakoan paso egin dutenak; aldiz, asko izan dira agindutako datarako zeregina gauzatzeko konpromisoa fin bete dutenak. Aupa zuek. Zuei esker bakarrik da posible esku artean duzun euskarazko produktu txukun hau elikatzea. Horrelako jendea miresten dut: dena bihotzetik ematen duena, bueltan ezer gutxi jasotzeko esperantzarik gabe; proiektua aparretan dagoenean ere, hesitik ikustearekin pozten dena; eta protagonismorik nahi ez duena; azpiko lanean sendo aritzen dena. Isilpean aitzurrean aritzen diren horiei, txalo. Zuek izan zarete, eta zarete, proiektu honen sostengu, inondik ere.

Eskerrik asko, borondatez alboan egon zareten eta zaudeten maketatzaile, euskara zuzentzaile, kazetari, argazkilari, iritzi emaile, marrazkilari, informatikari eta abarri. Talde lanean Maxixatzen herri aldizkariaren 400. zenbakiaren langa gainditu dugu. Ea beste horrenbeste, gutxienez, argitaratzeko moduan garen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide