Lagunak

Erabiltzailearen aurpegia Olalla Epelde Ayerdi 2019ko eka. 23a, 09:00

Olalla Epeldek ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Lagunak'.

«Ama, zuk zenbat lagun dituzu?», galdetu zidan semeak. «Ezagunak asko, baina lagun-lagunak…», pentsatu nuen. Ez nekien zer erantzun: 4, 14, 20 edo 40.

Eta nola kontatzen dira lagunak? Txikitan ikastolan ezagututako jendea? Kuadrillakoak? Ikasketetan, parrandan edo lanean ezagututakoak? Facebooken eta horrelako mundu informatikoan lagun eskaera egin eta baiezkoa eman dizuten horiek? Denontzat esanahi bera al du lagun hitzak? Bizitzako garai desberdinetan ere esanahia aldatzen al zaio? Edo garrantzia aldatzen zaio zeure beharren arabera?

Umea nintzenean, inguruan bizi ginen haur guztiok biltzen ginen eta jolas egiten genuen. Orduan hori zen behar genuena. Guztiok ginen lagun; pote bat, baloi bat edo pilota bat behar izaten genuen jolas egiteko, eta batzuetan ezer ere ez. Batzuetan amari bokadilo bat prestatzeko eskatu, eta hor egoten ginen guztiok lurrean eseri eta kontu kontari afaltzen. Inork etxeratzeko gogorik ez, eta amak leihoetatik deika hasten ziren arte hantxe egoten ginen gustura.

Ez geneukan Nintendorik, mugikorrik edo inolako gailurik; etxeko telebistan bi kate bakarrik zeuden, eta ongi pasatzeko modu bakarra kalean ibiltzea zen. Lagunekin jolasean. Ikastola garaian ere antzera gertatzen zitzaigun, baina guk ere eskolaz kanpoko ekintza bat baino gehiago izaten genituen, eta egun libreetan batzen ginen jolasteko. Batzuk bestearen etxera joan eta herriko bazter desberdinak ezagutu genituen.

Kuadrilla hitzak geroago hartu zuen forma, eta kuadrillak berak ere eraldaketak izan zituen. Gure beharrak aldatzen direlako edo, lau laguneko kuadrilla bat 12 laguneko kuadrilla bihur daiteke, eta lagun batzuek bide bat har dezakete eta zuk beste bat, baina betiere lagun berriak eginez eta lehengoak ahaztu gabe.

Bizitzak aurrera egiten duen heinean denetariko jendearekin gurutzatzen zara zuk egindako bide horretan; harreman desberdinak egin, eta batzuk lagun egingo dituzu. Ama izatean, zure haurrarekin batera jaioko diren beste ama batzuekin elkartuko zara, edo parkean beste guraso batzuekin, haurrak jolas egin dezan. Lanean hasten zarenean ere, lankideekin sortuko duzun harremanean lagunen bat egingo duzu. Eta parrandako lagunak? Horietaz ezin ahaztuko naiz; larunbat gauetan tabernetan dantzan ezagututakoak, edo etxerakoan auto-stop egitean kotxeen zain elkarrekin egondako lagunak.

Baina, esan bezala, gure beharrak edo eginbeharrak aldatu egiten dira, eta horiekin batera gure inguruko lagunak.

Orain, umetan kalean jolasean ibiltzen ginenok ez gara batzen, ez dugu jolas egiten edo ez gara lurrean eserita geratzen afaria janez. Ikastolako lagunekin ere ez gara ibiltzen bata bestearen etxera joanez, eta herriko bazter asko ez ditugu zapaldu ere egiten. Baina noizbehinka kaferen bat hartuko dugu gure seme-alabekin batera jaio direnen gurasoekin.

Kuadrillakoekin ere afariak egingo ditugu, eta lankideekin edo ikastola garaikoekin elkartuko gara kintako bazkari edo afaria egiteko. Baina, garai honetan, gure beharrek ez digute lehengo garaietan bezala uzten lagunekin egoten, eta gainera, zoritxarrez edo zorionez, Whatsappez hitz egiten dugu. Eta zoritxarrez edo zorionez esaten dut, batzuetan gugandik milaka kilometrora dagoen lagun horrekin hitz egitea errazten digulako, baina besteetan ondoan duzun lagunari kasurik egin gabe ia ezagutu ere egiten ez duzun baten bideo bat ikusteko erabiliko duzulako.

Eta berriro noa nire semearen galderara: «Ama, zenbat lagun dituzu?»

Eta zera erantzungo nioke: «Bizitzako bidelagunak asko, bihotzekoak gutxi, momentu zailetan ezagutzen baitituzu benetan nortzuk diren bihotzeko lagunak, hau da, behar izan dituzunean hor egon direnak, edo behar izan dutenean zu hor eduki zaituztenak».

Lagun asko edo gutxi, zaindu itzazu dituzunak, seme. Eta zuk ere bai, irakurle.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide