"Odol ateraldiak nahiko gorabeheratsuak izan dira aurten"

Azkoitiko Odol Emaileen elkarteak aurtengo urteari buruzko gogoeta egin du. Pandemia tarteko, nahiko urte gorabeheratsua izan da odol emaileentzako ere. Dena den, azkenerako, aurtengo odol ateraldietan emaitza bikainak lortu dituzte. Odola ateratzeko datorren hitzordua urtarrilaren 4an izango da, 17:00etatik aurrera, Elkargunean.

Aurtengo urtea, pandemia dela tarteko, nahiko gorabeheratsua izan dugula ezin ukatu. Ateraldi lekua aldatzeaz gain, ateraldi bakoitzean jasotako odol poltsa kopurua ere urriagoa izan da. Hala eta guztiz ere, ateraldi kopurua hamazazpitik hemeretzira igo dugu; horietako batzuk goiz eta arratsalde eginez.

Azkenean, emaitza bikainak lortu ditugu. Lorpen hau bi arrazoi nagusigatik izan da. Batetik,  Azkoitiko Udalak Elkargunean utzitako lokala aproposa delako eta bestetik, eta garrantzitsuena, odol emaileek gaixoen beharrekiko duten erantzukizun eta borondatea paregabea izan delako.

Urtea bukatzeko ezin ahaztu ekintza hau gauzatzeko era batera edo bestera bere laguntza ematen digutenekin. Datorrena datorrela jarrai dezagun horrela!

Hurrengo hitzordua

Azkoitiko Odol Emaileek odola ateratzeko jarritako hurrengo hitzordua urtarrilaren 4an, astelehena, izango da. 17:00etatik aurrera, Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide