Agur 2020ari

Erabiltzailearen aurpegia

Nerea Uranga kazetariak urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Agur 2020ari'.

Beste hainbatek bezala Izarraitzera igoz hasi nuen iazko urtea. Urtarrilaren 1 bateko goizak mendian harrapatzen ninduen aurreneko urtea zen. 2020, bisurtea. Eguraldi zoragarria egiten zuen, eta ehunka lagun zebilen mendikateko tontor eta magaletan. Ibilian-ibilian buruan banuen pertsona bat: Dolores Z. zena. Eta hitz bat: bisurtea. Doloresek ez zituen maite bisurteak. Behin baino gehiagotan entzun nion esaten bisurteetan okerreko zerbait gertatzen zela, larrutik zekiela hori. "Sineskeriak", pentsatu izan dut behin baino gehiagotan, baina pentsatu bakarrik ez nonbait; izan ere, ondo gogoan ditut haren hitzak, eta zerbaitegatik izango da hori. Aintzakotzat hartzen ez ditudan hitzak edota esanak ez ditut gogoan hartzen, ez oroitzen. Inoiz ez nion galdetu zergatik ez zituen gustuko bisurteak, berak ere sekula ez zidan kontatu horrela uste izatearen arrazoia.

Aurretik esan bezala, iazko aurreneko egunean asko akordatu nintzen Doloresekin; zer esanik ez iazko martxoaren erditik gaur egunera bitartean. Zer esango ote luke emakume hark ordutik bizitzea egokitu zaigun egoeraz?

Iazkoaren aurreko bisurteetan ez nintzen akordatu ere egiten horretaz, ez nion erreparatzen bisurtean geunden ala ez. Hemendik aurrerako guztietan, ordea, ederki akordatuko naiz, bai alajaina!

COVID-19 gaitzak oker ederra egin du, eta egiten ari da. Bizimodu guztia azpikoz gora jarri digu: konfinamendua zer den ederki erakutsi, aurpegi erdia estalita ibiltzera behartu, lagunarteko juntadizoak arautu, kalean lasai ibiltzeko aukerak murriztu, familiakoekin nahieran elkartzeko beldurrak erantsi, hildako gertukoak nahi bezala agurtzea eragotzi, gaixotzeko eta gaitza gainditzeko gai izango garen ikara barnerarazi eta abar luze bat eragin digu. Okerrena da, ordea, ez dakigula panorama horrekin guztiarekin noiz arte jarraitu behar dugun.

Okerrak oker bisurtea pasatu da iraganera, baina tankerako egoeran jarraituko dugu 2021. urte hasiberrian ere. Bizi dugun egoera petrala ahaztu gabe, sineskeriak sineskeria eta usteak uste, bestelakoei erreparatzeko garaia da. Txarretik izan ziren iazkoan, baita onetik ere. Esaterako, itxialdian egon ginen bitartean, inoiz baino ilunabar ederragoak ikusi genituen etxeko leihotik. Kanpora irteten utzi zigutenean, berriz, egunsentiei erreparatu genien. "Normaltasun berria" hasi zenetik herri inguruko bazter eta txoko ia guztiak miatu nahiz tontorrak igo ditugu.

Izarraizpe alde honetan ez gara toki txarrean bizi, ez. Espazio librearen bila jotzen dugu inguruko mendietara, zelaietara, basoetara... Ez dira, ordea, nahieran ibiltzeko tokiak; badira errespetatu beharreko makina bat kontu toki horietan: baratzeak, baserri inguruak, artaldeak, ganadua, landareak... Eta hori guztia ahaztu ote zaigun errezeloa daukat. Doloresek ez zituen gustuko bisurteak, baina asko maite zituen larreak, haitzarteak, mendiak... Artzain familiako alaba, arreba eta ama zen Dolores.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide