Normaltasun berria

Erabiltzailearen aurpegia
(Argazkia: Pixabay)

Nerea Urangak urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Normaltasun berria'.

Beno, hilabeteetan zain egon garen kontzertua bertan behera utzi dute! Baina hitzordua jarrita daukagu! Seme-alaben zaintza antolatuta edota lanean jai hartuta. Zergatik ez gara bokata bat jateko gelditzen?— bota zuen batek kuadrillako whatsapean.

– Egia, udako kuadrillako kanpineko plana ere bertan behera utzi genuen. Bat beldur zelako, bestea zalantzan eta beste hamaika arrazoigatik. Behin egingo plana eta hori ere… Ez, ez, bokata bat jateko bada ere gelditu egingo gara– beste batek.

– Arrazoi, arrazoi… Ni ados!

– Ondo da, ni ere bai!

– Gure ama etxetik kanpo dago, taberna batean eskatu eta haren etxean jatea da aukera bat…

– Lasaiago egongo gara… Etxetik zerbait prestatuta eramango dugu?

– Hobeto bokatak!

– Ondo!

– Zazpiretan gelditzen gara trago bat hartzeko, ondo?

– Nik oraingoan kale egingo dut, hurrengo egunean oposaketetako azterketa daukat, lanpostua dut jokoan! Ondo pasatu!

– Animo X, animo! Zorte on!

Iritsi da eguna. Elkartu dira zazpi, zazpiretan, herriko taberna batean, eskatu dute tragoa. Topatu dute eseritzeko tokia eta edan dute edalontzietakoa. Lagunetako bat falta da; lana zuen, bukatu ezinik ibiliko da. Bitartean, basoak hutsik eta maskarak jantzita denak. Ezin hitz egin, bakoitzak zer esaten duen ere ezin entzunda. Adina ote? Gorraizearen lehen arrastoak? 

Etorri da falta den laguna. Beno, beste trago bat hartzera abiatu dira, herriko kalean barrena, esertzeko tokirik ez inon. Galdu dute gelditzen zaien pazientzia gutxia. Azkenean, halako batean, taberna batean aurkitu dituzte hiru-lau eserleku mahai baten bueltan. Hala nola moldatu dira mahaiaren bueltan jartzeko, bat bestearen mantalean, beste bat ondoko txapaldan eserita... Tragoa bukatu eta afaltzeko bokatak eskatzera joan dira. Iritsi dira tabernara. Eskatu dute zerrenda, eta denak paper muturraren bueltan jarri dira barra ertzean, zutik. Zortzi dira.

– Barran elkarrengandik distantzia bat izan behar duzue, pilatuta ezin zaitezkete egon!– Barratik bestaldera dagoen zerbitzariak.

– Ai ama! Beno, txandaka apuntatuko dugu!

– Bale ba! Baina bokatak prestatzen dituzten bitarterako beste trago bat eskatuko dugu ezta?

– Baina non edateko? Zutik ezin da! Kanpoko koskan eserita ere ez! Bale, eskatu ahala batzuk joan daitezela beste tabernan batera esertzeko toki baten bila, ala?

– Hau posible al da? Inon ez dago tokirik! Har dezagun lehenbailehen jatekoa eta goazen afaltzera! Hau estresa! Batean ezin dugula, segurtasun distantzia ez dugulako; bestera ere ezetz, tokia hartuta dagoela!

Normaltasun berria edo… beste mundu bat!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide