Zeruari begira

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Silvan 2016ko abu. 4a, 10:00

Hasi idazten eta ezin erabaki zeri buruz egin. Gaueko ordu biak. Guztira bost bat dokumentu idatzi eta… ez, egokirik ezin bilatu. Politika, ikasketak eta hezkuntza legeak, Jater… nondik hasi. Politikari buruz, betikoa: fedea galdua dugula, esan eta gerora egiten dutenaren arabera. Ikasketetan, idazten hasi ondoren, nerabe batek planteatzen dizkidan duda berberak orain dela 25 urte neuk izandakoak direla. Eta Jaterrez gogoratzean… Saharako mutila. Bi udara pasatu zituen gauero zeruari begira. Hizkuntzaren hasierako trabak gainditu ondoren gure bizimodura moldatzen saiatu zen.

Jaterri ordulari bat oparitu genion. Saharan pilak agortu zitzaizkion. Hori da zortea duena gure Jaterrek. Gauero zeruari begira gera daiteke erlojuari begiratu beharrean. Gu, berriz, denboraren esklabo besterik ez gara. Ez dugu astirik istant bat hartzeko. Gizarte eta eredu ekonomiko honek barealdirik gabeko ekaitz batean murgildu gaitu. Dena presaka egiten dugu, askotan besteek egiten dutelako, benetan hausnartu gabe. Pobreak gara eta ez gara konturatzen (ez dugu denborarik).


Pobreak, denborak ematen duen aberastasunik ez dugulako. Momentu bakoitza disfrutatzen ohituak ez gaudelako. Zurrunbilo honetan gauza askoren zukua galtzen dugulako. Erlojuari erreparatu gabe denbora topatzea zaila da. Jaterrek egiten du. Bere beharretara moldatzen du denbora.


Gaueko hiru eta erdiak. Denbora hartu dut, kafea ere bai hau idazteko, baina gehiegitxo luzatzen ari da. Ez dut lo egiteko astirik izango. Kostata bukatuko dut nire lana. Egin beharrekoa ere mugatuta daukat, karakteretan noski, eta aurkezteko eguna ere bai. Balkoira atera naiz; dezenteko hotza egiten du. Isiltasuna da nagusi Azkoitian. Lo egiteko denbora. Zeruari begira, aspaldian ez bezala, zutaz akordatzen naiz, Jater. Saharako ume bat gogoratzen dut; udara horietan denok denbora hartu genuen elkar ezagutzeko. Ez zen erraza izan, baina elkar ulertu eta errespetatzea lortu genuen.


Umeak lo daude. Lau eta erdiak. Jaikitzen direnean muxu bana eman eta gosaria prestatuko diet. Hor egongo naiz, beraien kezkak entzuteko prest, eta behar beste erantzun emateko ere bai. Horretarako, erlojua pilarik gabe lagatzeko kapaz naiz.


Jater Tinduf-en bizi da eta 16 urte ditu. Gameluak zaintzen ditu, eta haien esnea gogoko du. Ez du askoren beharrik, zoriontsu da duenarekin. Senideak ditu altxorrik preziatuena, eta horiek zaintzeko tresna, denbora. Bertan egotea maite du. Noizbehinka eskutitza bidaltzen digu, denez gogoratzen da. Kanpamentutara joandako boluntario bati eman eta gure telefonoa ematen dio. Horrela helarazten dizkigu eskutitzak. Gu, berriz, telefonoz deitzen saiatzen gara (komunikazioa ez da erraza izaten).


Bostak. Makina bat ordu pasatu ditut hau idazten. Lo egiteko denborari lapurtutako orduak dira. Borobiltzea soilik gelditzen zait, izenburua ipini beharra daukat. Ondo pentsatu beharra dago, jendeak irakurtzeko denbora har dezan erakargarria izan behar baitu jartzen dudanak. Irakurtzen hasi baino lehen zerura begiratu, arnasa sakon hartu eta patxadaz irakurri

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide