Musika bandak bere eguna ospatuko du larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Musika Banda 2016ko mai. 24a, 17:49

Azken aldian hainbat ospakizun, festa, ekitaldi, etab. izan ditugu gure herrian, eta urtean zehar beste horrenbeste izango direla ez dago zalantza handirik, gurea bezelako herri festazale batean. Herriko musika bandak, hainbat modutan hartzen du parte ekitaldi hauetan, kalejiretan herritarrei egun garrantzitsuenen berri emateko, ospakizun erlijiosotan, kontzertuak eskeiniz eta danborradak edo hainbat kirol talde animatzeko lanetan esaterako.

 

Bada hala ere, egun bat, euren eguna ospatzeko hartzen dutena, eta aurtengoa iritsi da. Larunbatean izango da, maiatzaren 28an. Eta, nola ez, merezitako eguna ospatzeko, gustukoen dutena egingo dute, eta kalejira eta kontzertuarekin emango diote hasiera egunari. Jarraian, kideen arteko bazkaria edukiko dute, eta arratsalde partean eguna amaitzeko bandapoteoa izango da herriko kale nagusietan zehar.

Hala ere, esan bezala, ekitaldi nagusia eguerdiko 12:30etan izango da KONTZEJUPEAN, kontzertuaren emanaldia hain zuzen. Guztiok gonbidatuta zaudete eta saioa zuen gustukoa izatea espero dugu.

Zorionak bandako kide eta banda zale guztioi, eta egun ona pasa dezazuela! Segi horrela!

Jarraian ikus dezakezue programa, kantu bakoitzaren azalpenekin azalpen txiki batekin:

1-      Canon: Johann Pachelbel-ek 1680 urte inguruan konposatutako obra barroko ezaguna, Steve Ibbotson-ek bandarako egokitua eta ukitu moderno batekin.

2-      En Er Mundo pasodoble flamenkoarekin jarraituko dugu. Kanta honetan, saxofoia eta tronpetaren bakarlari lanez gozatzeko aukera ere izango da.

3-      Pasio eta sentimenduzko doinuak agerian jarraituko dute oraindik hirugarren kantan, hain zuzen ere, Alma de Dios zarzuelako “Canción Húngara” interpretatuko baitu bandak. Tenorearentzat idatzia egon arren, tronpeta doinuek ia ia aste santuan murgilduko gaituzte.

4-      Mozart-ekin klasizismo bete betean sartuta, aurkezpen handirik behar ez duen Marcha Turca entzungo dugu. 11. Piano sonataren zati bat izan arren, oso ohikoa da kanta hau bera bakarrik jotzea, eta genero musikal askotan bertsionatua izan da gaur egun arte bere melodia dibertigarriarengatik, rock-ean esaterako.

5-      El último mohicano film-eko soinu bandarekin jarraituko dute lanean bandakoek. Oso doinu melodikoa eta sentimetala da, tartean gerrako, heriotzako eta maitasunezko istorioak ere erakusten dituelarik. Edertasun berezia du 3. Zatiak, zelta musikak nagusitasun handia hartzen duenean.

6-      Amaiera aldera gerturatzen ari garela, beste berrikuntza bat. José Luis Urmenetak hartuko du batuta eskuetan, La Alegría en San Fermín (Riau – Riau) gidatzeko. Miguel Astráin-en bals hau, urtero entzun daiteke Iruñean uztailaren 6an, eta kanta ezagutzen duzuen guztiok, abestera gonbidatuta zaudete.

7-      Kalinka: Abesti errusiar ezaguna da, aipamen txiki bat merezi duen arren. Ez da folklore errusiarreko betiko kanta, urteetan hala pentsatu izan den arren. 1860 inguruan Iván Petróvich-ek konposatu zuen antzerki lan baterako, eta nahiko erraz sartu zen koro errusiarren errepertorioan, gaur egunera iritsi arte.

8-      Moliendo café calypsoarekin (erritmo latino mota bat) amaitutzat emango du Musika Bandak kontzertua.

Lan guztiak eginda, festa eta gozamenerako txanda hasiko da gure neska mutilentzat. Ondo pasa!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide