Musika bandaren kontzertu berezia: Erritmo latinoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Musika Banda 2016ko api. 19a, 21:43

Berrikuntzekin dator oraingoan Azkoitiko Musika Banda, eta kontzertu berezia antolatu du datorren iganderako. Apirilaren 24an erritmo latinoen inguruko kontzertua eskainiko dute Kontzejupean, eguerdiko 12:30ean.

 

Aldaketa nagusi moduan, ezin aipatu gabe utzi banda osatzen duten ohiko kideez gain zuzendari gonbidatu bat izango dutela euren artean. Jose Miguel Laskurain eibartarra hain zuzen. Laskurainek txistu irakasle ikasketak egin zituen Donostiako kontserbatorioan Jose Ignacio Ansorenaren eskutik, eta gaur egun Bergarako Musika Eskolan ematen ditu klaseak. Beste hainbat instrumentu ere jotzen ditu, oboea Eibarko Musika Bandan, fagota Zumarragakoan edota bibolina esaterako. Berriki zuzendaritza ikasketak burutu ditu Cordoban Francisco Navarro Lara maisuarekin eta bi-lizentziatua da Orkestra Sinfoniko eta Bandako zuzendaritzan Royal Schools of Music of London-etik. Orain erritmo latinoen inguruko errepertorioa prestatu du bira txiki bat egiteko (Azkoitian hasiera emanik) eta beste proiektu batzuen artean DebaBarreneko Orkestra Sinfonikoa eta Orfeoia fundatu eta zuzentzen ditu.

Azken astetako entseguetan Laskurainekin izandako esperientziarekin oso gustura agertu dira bandako kideak, eta igandean kontzertu martxoso eta alaia eskeintzeko irrikaz daudela diote. Entzuteko aukera izango dugun kanten artean, Astor Piazzolaren tango doinuak, Venezuelako Alma Llanera kanta ezaguna, Ekuador eta Kubako kanta dantzagarriak eta beste hainbat sorpresarekin aurkituko gara.

Aipatu beharra dago, ospatu berri den “Azkoitia – Azpeitia Maratoi erdia”-ren inguruan, aurten lehenengo aldiz “Maratoi erdi kulturala” antolatu dela kulturarekin lotutako hainbat ekintza ekartzeko bi herri hauetara hilabete guztian zehar, hala nola kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, pintxo lehiaketak, etab. Bandak eskeiniko duen kontzertu hau, maratoi erdi kulturalaren amaiera ekitaldia izango da bide batez.

Animatu kontzertuan murgiltzera (dantzatu eta kantatzea libre da), eta prestatu Hego Amerikan zehar eramango zaituzten bidaia berezi honetaz gozatzeko!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide