Azkoitiko Musika Bandaren kontzertua

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Musika Banda 2016ko ots. 11a, 12:19

Datorren igandean, otsailak 14, Azkotiko Musika Bandak kontzertua eskainiko du Baztartxo antzokian, 12:30ean. Bertan, estilo eta garai ezberdinetako hainbat abestiz gozatzeko aukera izango da. Jarraian ikus daiteke egitaraua, abesti bakoitzaren azalpen txiki batzuekin.

 

Kontzertuari hasiera "Agüero" izeneko pasodoblearekin emango zaio. José Franco konposatzaile euskaldunak idatzi zuen Martin Agüero toreatzaile bilbotarraren omenez.

Zarzuela munduan murgilduko gara jarraian, "El baile de Luis Alonso" ezagunaren intermedio txiki baten bidez.

Ondoren eskeiniko den obra, berriz, Azkoitiko Bandak hainbat alditan interpretatu duen "Peer Gynt"-eko lehenengo suite-a da. Peer Gynt, Henrik Ibsen idazle norvegiarrak idatzitako antzezlan bat da, non Peer-en bidaiak, maitasun istorioak eta abenturak kontatzen diren. Edvard Grieg arduratu zen berarentzat musika idazteaz, 1875ean. Bost ekitalditan zatitutako obratik, Grieg berak lau zati laburrez osatutako bi suite sortu zituen. Aurrenekoa da ezagunena, eta hura izango da igandean bandak joko duena.

Bertan entzungo ditugun zatiak honako hauek dira:

"La mañana": Peer Gynt Marokoko basamortu baten erdian esnatzen da, egunsenti polit baten aurrean, bere lagunek aurreko gauean bertan abandonatuta eta bakarrik utzi dutelarik.
"La muerte de Ase": Peer Gynt-en amaren heriotza irudikatzen digu
"Danza de Anitra": Anitrak, Peer Gynt maitemientzea du helburu dantza eginez, aurrerago bere aberastasunak lapurtzeko asmoarekin.
"En la cueva del rey de las montañas": Peer Gynt-ek, erregea, bere zaindari eta troll-engandik ihes egin behar dueneko pasartera garraiatzen gaitu, Peer heroiak erregearen alaba iraindu baitu.

Peer Gynt-en gora-beherak atzean utzirik, "Carmen" Georges Bizet-en opera garrantzitsuenera egingo dugu salto. Bi preludio labur eskainiko dira, hauetako batean "Toreador" aria ezagunaren pasarteak entzungo ditugularik.

Festa giroko musikan murgilduko gara jarraian, zehazki, Mairu eta Kristauen festetan, nagusiki Levante aldean ospatzen direnak. Ignacio Sanchez Caravaca-ko musikari eta irakasleak konposatu zuen "Cavalleros de Navarra" 1989an, izen bera duen Kristauen taldearentzat.

"Los chicos del coro" izeneko lanak, ez du aurkezpen handiegirik behar. 2004an estreinatuko filme ezagun eta sarituaren 4 abestiz osatutako obra da. Ginés Ramirez-ek egokitu zuen bandarako, Bruno Coulais-ek abesbatzarako sortutako melodiak oinarri hartuta.

Kontzertuaren amaiera aldera iristean, "La Saeta" eskeiniko du bandak. Saeta hau, Antonio Machado poeta sevillarraren lan bat da, eta lehenengoz Joan Manuel Serrat-ek ipini zion musika 1969an argitaratutako "Dedicado a Antonio Machado, poeta" diskoan. Bandak joko duen bertsioaren konponketa, Guillermo F. Ríos-ek egindakoa da, eta gaur egun oso ohikoa da Andaluziako Aste Santuko hainbat prozesiotan entzutea.

Kontzertua amaitzeko, Ennio Morricone-ren soinu banda batzuk oinarri hartuta, Johan de Meij holandarrak 1996an konposatutako "Moment for Morricone" abestia eskeiniko da. Bertan, "El bueno, el feo y el malo" eta beste lau western film-etako zatiez gozatzeko aukera izango dugu.

Hau guztia, Carlos Muñoz-en zuzendaritzapean gauzatuko da.

Kontzertua zuen gustukoa izango delakoan, animatu eta igandean ikusiko dugu elkar Baztartxon. Ondo izan!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide