Musika bandaren ekimen berria

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Musika Banda 2016ko urt. 29a, 08:26

Azkoitiko Musika Bandak bere lokaleko ateak irekiko ditu astelehenetik aurrera, eta ekimen "esperimental" bat jarriko du martxan, nahi duten guztiei musikarekin lehen kontaktua izateko aukera eskeintzeko, eta jada musika ezagutzak dituzten herritarrentzat, hainbat ekintza ezberdin egiteko aukera emanez.

 

Zehazki banda osatzen duten egurrrezko zein metalezko haizezko edo perkusio instrumentuak ezagutzera eman, banda herritarrei gerturatu, eta musikaren alderdi jostagarriena edo hain akademikoa ez den ikuspuntuari heldu nahi zaio, behar ezberdinetara egokitzen saiatuko garen arren.

Ekimen hau adin guztietako pertsonei egongo da irekia, aurretik musika ezagutzak izan edo ez. Lehen kontaktu gisa, bandako lokala otsailaren 1etik aurrera irekiko da, astelehenetik ostegunera 18:00etatik 19:30era bi astetan zehar, eta interesatuek tutore izango denarekin hitz egiteko aukera izango dute, bakoitzaren beharrak, nahiak edo interesak azaltzeko, lokaleko arduradunak antolatu daitezkeen aktibitate ezberdinak baloratzeko, dudak argitzeko (ekimen esperimentala eta irekia izanik, ez dago definituta oraindik egunerokoan zer egingo den), pertsona bakoitzaren ordutegiak ezagutzeko, eta informazio honen arabera arabera eguna eta ordutegia zehaztu ahal izateko. Horrela, taldeak egingo dira egun eta ordutegi ezberdinekin, interesatuen adina, denbora eta gaitasunen arabera.

Egingo diren aktibitateei dagokionez, musika instrumentu batekin inoiz kontakturik izan ez dutenek, musika banda osatzen duten instrumentuak ezagutu eta probatzeko aukera izango dute, etorkizunean musika eskolan zein instrumentu ikasi nahiko luketen aukeratzen laguntzeko. Musika irakurketarako lehen urratsei zuzenduriko ariketak eta erritmo ariketak ere egingo dira, bandan instrumentu bat jotzeko ezinbesteko baldintzak izaki.

Bestalde, interesatua intrumentu batekin familiarizaturik egongo balitz, bai musika eskolako ikasle edo ikasle ohia delako edo bere bizitzan bandan edo beste edozein taldetan jo izan duelako, tutorea bakoitzaren ikasketa pertsonalean laguntzeaz arduratuko da. Baita irakurketa musikala eta erritmikoan lagungarri izateaz ere.

Aktibitate hauen tutorea Ismael Conde izango da, bandako partaide, zuzendari eta musika eskolako irakasle ohia. Musikara sarbide, orientazio eta errefortzu lanak egingo ditu, beti ere musika instrumentu bakoitzeko irakasleen irakaspenei paraleloki.

Guztientzat ere, astelehenetik ostegunera 18:00etatik 19:30era bitartean, egun eta ordutegiak adostu ahal izango dira. Animatu informazio gehiago eskatzera, Elkarguneko "Musikagunean" izango gaituzu zain, bandako lokalean!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide