Noiz arte?

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Olariaga 2018ko abe. 14a, 10:48
Mireia Olariaga Odriozola.

Kazetaritza gradua ekainaren 15ean amaitu nuenez, urriaren 19an Madrilerako bidea hartu nuen, txikitatik espero nuen ametsa betetzeko. Betidanik kirol kazetari izan nahi nuen, eta Espainiako hiriburura joan nintzen masterra egitera. Ilusio ikaragarria nuen, horixe nahi nuelako betidanik.

Klaseko lehenengo eguna iritsi zen, eta hartu nuen sorpresa ez zen batere polita izan. Ingurura begiratzen nuenean ez nuen neskarik ikusten: mutilez inguratuta nengoen. Ez nekien norekin hitz egin, nora begiratu; urduri nengoen, eta asko antzematen zitzaidan.

Halako batean, iritsi zen klasera sartzeko ordua. Irakasle guztiak gizonezkoak ziren, bat kenduta. Sartu eta berehala, batek esan zuen: «Joder, una chica». Harrituta zirudien, eta ni gero eta urduriago nengoen. Aurkezteko unea iritsi zen. Nire izena esan nuen, eta nondik nentorren eta zer ikasketa nituen ere bai. Zoritxarrez, egoera ez zen hobetu. Sarreran «joder, una chica» esan zuen hark honela amaitu zuen esaldia: «Joder, una chica y además vasca». Nik ez nekien non sartu, amorrua sentitzen nuen, baina isilik geratzea erabaki nuen. Etxera iritsi nintzenean, suminduta nengoen, eta irakasle horrek etxerako bidali zizkigun lanak egiten hasi nintzen. Emakume eta euskaldunenganako aurreiritzi hori nola kendu pentsatzen hasi nintzen, eta nire praktika ahalik eta ondoena egiten saiatu nintzen, baina alferrik.

Irakasle hark zidan “nazka” edo amorrua ez zen kenduko nire praktika egokiarekin bakarrik. Gutxietsi egiten ninduen. Klaseko lehenengo egunetan “bigarren mailako” lanak jartzen zizkidan, besteengandik bereiziz. Besteek aurreko eguneko Espainiako ligako partidetako kronikak idazten zituzten, eta niri, berriz, trafikoaren berri emateko eskatzen zidan: Madrileko sarrerak nola zeuden, istripu larririk egon ote zen, eta abar. Horrela bi klase pasatu nituen, baina hirugarrengoan ez nintzen isilik geratu. Besteek bezala ordaindu nuela esan nion, emakume izatea ez dela txarra erakutsi nion, profesio honetara dedikatu nahi nuela eta nazkatuta nengoela trafikoaz arduratzeaz. Hona haren erantzuna: «Lan horiek agindu dizkizut, normalean gauza horiez emakumeak arduratzen direlako eta horiek egiten ikas dezazun nahi dudalako». Tuntuna izan nintzen, eta ez nuen jakin hitz haiei zer erantzun. Irratiko estudioan zegoenak nire egoera ikusi zuen; nire alde jartzea erabaki, eta hauxe esan zion: «Bidegabe jokatzen ari zara; besteen ikasketa berberak ditu. Geure eskuetan dago gizartea aldatzea, eta ez gara ari horretan». Hunkitu egin nintzen hitz haiekin, eta irakaslea, berriz, haserretu egin zen: ez zuen ohartu nahi errealitateaz eta are gutxiago gizonezko bat nire alde agertzeaz.

Ordutik aurrera, nirekin zuen jarrera aldatu du: ez nau gutxiesten, eta besteek egiten dituzten lan berberak egiten ditut. Irratiko programa batean zuzendari jarri ninduen, eta gai nintzela erakutsi nion. Barkamena eskatu, eta harro egoteko moduan nengoela adierazi zidan. Momentu hartan irribarrea atera zitzaidan, eta konturatu nintzen ordura arte ez nuela haren klaseetan barrerik egin.

Honekin guztiarekin, hau galdetu nahi dut: zergatik erakutsi behar dugu emakumeok gizonezkoek baino gehiago?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide