Miguel Zubizarreta: "Zerbait berria asmatzen duzunean irits zaitezke artistago izatera"

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Frances 2017ko ots. 15a, 13:25
Miguel Zubizarreta, arte margolaria.

Miguel Zubizarreta Uranga Azkoitiko arte margolariak (Azkoitia, 1945) atsegin handiz erakutsi dizkio Maxixatzeni bere lanak San Martingo bere estudioan. Txikitatik izan du margotzeko afizioa; urtean 50 bat koadro egiten zituen. Hona hemen elkarrizketa: 

 

Nolatan hasi zinen pintatzen?

Gu eskolan ibiltzen ginen garaia ez zen orain bezalakoa. Orduan,notak gutxi gorabeherahilero ematen ziren etxera, eta segituan libratzen ginen, martxo alderako. Udaletik etortzen ziren, eta ikasleen erakusketa egiten zen kurtso bukaeran. 13 urte ingurukoak ginen zaharrenak, eta gazteagoak baino hobeto moldatze ginen. Nik baserriak margotzen nituen, eta beste batzuek, berriz, beste gauza batzuk. Ikatz ziria, Txinako tinta eta akuarelak erabiltzen genituen; denetik egoten zen.

Garai hartan ohikoa zenez, 14 urterekin hasi nintzen ni lanean, eta orduan hasi nintzen pezeta batzuk irabazten pintzelak, oleoak eta abar Donostian erosteko. Oihalak arotzaren bitartez egiten nituen. Internetik ez geneukanez, margolarien erakusketak ikustera mugitzen nintzen Zarautz eta Azkoitiko inguruetara. Lanetik bueltan jarduten nuen egunero margotzen; urtean 50 bat koadro egiten nituen horrelaxe. 1992an, krisiarekin lanordu gutxiago nituenez, trukean ere ibili nintzen.

 

Zuk batez ere paisaiak eta baserriak margotzen dituzu?

Bai, eta ehizako txakurrak eta arrantzuko kontuak ere bai. Inguruan ikusitako guztia lantzen nuen, eta, pixkanaka, baserri eta paisaiak pintatzen joan nintzen. Garai hartan halako paisaiak asko eskatzen zizkidaten, baina gaur egun gazte jendeak nahiago izaten du estilo minimalista bat etxerako, eta ez da ohikoena halako koadroak enkargatzea.

 

Behin ere aurkeztu al duzu koadrorik lehiaketaren batera?

Bai, 1966. urtean koadro bat aurkeztu nuen Donostian, Gipuzkoako Margolarien Lehiaketara. Lagunek animatu ninduten, eta 3. saria eman zidaten; diploma txiki bat eta luntx ederra eman ziguten egun hartan.

 

Zure pintatzeko estiloa ikusita, antzematen da natura arloa asko lantzen duzula. Nondik datorkizu inspirazioa?

Saiatu behar duzu beti modu ezberdinetan lan egiten. Niri gustatzen zait ezagutzen ditudan tokiak margotzea. Adibidez, Getariako arratoia 20 aldiz pintatu dut, baina margolan denak kolore ezberdinetan jorratu ditut, garaiaren arabera. Etapak izan ditut. Aspaldi, esaterako, ibili nintzen espresionista frantsesen eraginpean. Haiek gerizpe urdinak eta argi horixka erabiltzen zituzten orduan, eta nik dena urdin pintatzen nuen; “garai urdina” esango nuke zela niretzat. Orain dela 40 urte, lanagatik Parisen ibiltzen nintzen, eta han pintoreak ikustera joaten nintzen.

 

Erreferenterik baduzu?

Bai, paisajistak asko gustatu izan zaizkit betidanik. Berako Larramedi asko gustatzen zitzaidan, adibidez. Montes Iturrioz, Jose Salis eta beste batzuk ere gustatzen zitzaizkidan; Beasaingo pintoreak esaten zieten haiei, eta bazituzten hainbat kontu gustatzen zitzaizkidanak.

Beti ibili izan naiz aldatzen. Gero, “garai grisa” etorri zitzaidan: eguraldia aldatzen den moduan, kolore bizietatik grisetara pasatu nintzen. Horren ondoren, atzera berriz koloreetara bueltatu nintzen, eta ondoren erliebeetara.

 

Taktika bat baino gehiago erabiltzen dituzu, beraz?

Bai, teknika mistoak erabiltzen ditut. Espatularekin asko lantzen ditut erliebeak. Kolore asko erabiltzea gustatzen zait, eta paletan aberastasun handia jartzen saiatzen naiz beti. Matizatzea gustatzen zait niri, tonu batetik ñabardura ezberdinak ateratzea.

 

Zer material erabiltzen duzu?

Oleoa erabiltzen dut, eta oihalak eta silikonarekin neuk egindako euskarria ere bai. Denetik egiten ibiltzen naiz, baina batik bat erliebea sartzen diet oihal askori, koadro baten bitartez bi paisaia edo bista ikusi ahal izateko. Kanalaren teknika deitzen diot nik; erretxinarekin egiten dut. Badut molde bat egina silikonan, eta erretxina botatzen diot; moldetik atera, eta bi marrazki egiteko oihala lortzen dut. Alde batetik, errotuladore gorriarekin marrazten dut lehenengo irudia, eta, bestetik, beltzarekin.

 

Inoiz jardun al duzu pintura irakasten?

Ez. Garai baten etortzen zitzaidan inguruko jendea, baina lanarekin ezin izaten nuen uztartu; gainera, neuk koadroak egiteko denborarik ez edukitzea esan nahi zuen horrek. Aholkuak emateko beti egon naiz prest, baina, bestela, margolanak neuk egin izan ditut beti. Zeuretzat denbora hartu behar duzu; afizio moduan izan dut betidanik, nahiz eta enkarguak beti egin izan ditudan.

 

Zure ustez, artista batek ezaugarri bereziren bat izan behar al du?

Lehenengo, gustatu egin behar zaizu egiten duzun hori, zeren gero estilo asko baitaude. Nik egindako margolanak ez dira ezer berria, baina, zerbait berria asmatzen duzunean, orduantxe irits zaitezke agian artistagoa izatera.

 

Pinturaren mundu horretan, gelditzen al zaizu ametsen bat betetzeko?

Honezkero, nik dudan adinarekin hauxe egiten segitu nahiko nuke, daukadan afizio honetaz disfrutatzen segitzeko aukera eduki.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide