Agurrak 'online'

Erabiltzailearen aurpegia Maider Etxeberria Alberdi 2020ko uzt. 5a, 08:30

Maider Etxeberria Alberdik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Agurrak online'.

Normaltasun hitzarekin bueltaka gabiltza. Zer esan nahi du normaltasunak? Garai hauetan esanahi galanta, ezta? Asko gara orain arteko "normaltasunera" itzuli nahi ez dugunak, baina hori beste kontu bat da.

Behartutako erretiro luze honetan, nire gaiari bueltaka ibili naiz, heriotzari eta bizitzari: hiltzeko ala bizitzeko beldurra? Dolua edo tabua? Beldurra heriotzari ala hil aurretik ez bizitzeari?

Askok esan didate egoera honetatik ateratzen garenean, heriotzaz eta doluaz hitz egiteko behar handiagoa egongo dela. Ziur? Zalantzak ditut. Beldurra da nagusi, eta horrek az al gaitu gutxiago hitz egitera, isolatzera, eramango? Edo beste muturrean jarrita, kanpoko estimuluek (lehengoko normaltasuna eredu hartuta) ez al gaituzte eramango egun hauetan sentitzen duguna saihestera? Non dago neurria? Bakoitzak daki ondoen une bakoitzean zer komeni zaion.

Konfinamenduan, hildako eta kutsatu bakoitzaren berri jakin dugu hedabideen bidez; zenbaki soilak, eta horretara ohitu gara. Zenbakien atzean bizipenez jositako bizi osoak daude, beren argi eta iluntasunekin. Zenbaki horien berri jasotakoan, psikoemozionalki aktibatu egiten gara, larritasuna, antsietatea nahiz beldurra nagusitzen zaizkigu.

Hainbat pertsona bakarrik hil da. Haien familia eta lagunek ez dute aukerarik izan azken uneetan haien ondoan egoteko, eskutik heltzeko, lasai joateko edo maite dituztela esateko. Ez dute aukerarik izan erritu sozial baten bidez agurtzeko. Erritua zertarako? Maite genuen pertsonaren ingurukoak, bizipenak eta maitasuna adierazteko, elkarbanatzeko. Elkar kontsolatzeko eta errealitateaz jabetzeko; hau da, hil dena ez dela itzuliko.

Kasu honetan, sare sozialak ezinbesteko bilakatu dira. Norberak etxetik errituak online egitea aukera bat da. Ordenagailua tarteko, maite genuenaren ingurukoak elkartu eta komunitate bat sortuz bakoitzak bere etxetik egitea erritua. Berdina al da? Ez dago erantzun beharrik, baina bide hori hartu dutenen esanetan, inoiz ez lukete pentsatuko nolako gertutasuna senti daitekeen. Gizaki sozialak gara, eta horrek etengabe elkarrekin interkonektatzera eta loturak sortzera eramaten gaitu.

Online lehenengo hileta Mallorkan egin zuten, Glynnis German britaniar zelebrantearekin. Erritu erlijiosoetan mezak, ezkontzak nahiz hiletak zuzentzen dituena da zelebrantea, Cambridge hiztegiaren arabera. German Alta Sacerdotisa Hippie gisa aurkezten da: "Arbaso mistoetako emakumea, ezkongabea, bi seme-alaba zoragarriren ama eta aitaren lagun ona; azken batean, XXI. mendeko emakume modernoa". German gisako ospakizun egileek hiletak eta ezkontzak egin ditzakete; ezkontzak, Australian eta Zeelanda Berrian bakarrik. 1976an sortu zuten mugimendu hori, beren sinesmenengatik elizara joaten ez zirenentzat.

Hileta ospakizunen funtsa bertaratutakoei hildakoaren bizia kontatzea da. COVID-19arekin hori ezinezkoa da. Internetez, baina, nahi duena bertaratu daiteke hileta birtualera, baita kanpoan bizi diren gertukoak ere. Gizaki sozialak garen neurrian, bidea topatzen dugu gu garen hori elkarbanatzeko.

Ez nintzen sare sozialen laguna, baina bizitzak berriro aukera paregabea jarri dit aurrean. Ezohiko uneotan, elkarbizitza, harremanak edota besarkatzea etenda ditugunean, sare sozialei esker komunikatu gaitezke. "Ez da berdina", diote askok; nik ere hala nioen duela gutxi arte. Distantzia edo pantaila ez dira oztopo sentitzeko, elkarbanatzeko eta komunikatzeko.

"Maitasuna eta heriotza dira emandako oparirik handienak; ia beti jasotzen ditugu baina ez ditugu irekitzen". Rainer Maria Rilke. Los cinco sentidos, Frank Ostasesky.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide