Pertsonen onena ateratzeko artea

Erabiltzailearen aurpegia Miren Etxeberria Larrañaga 2018ko abu. 4a, 09:00

Lider onak liburuetan bakarrik agertzen ote diren sarritan galdetu izan diot neure buruari, egunerokoan gauzak oso bestelakoak direla ikusita. Baina duela gutxi, galdera horri erantzuna eman dion esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera izan dut; irakasgai sakona utzi didana, benetan onak diren pertsonengandik ikasi ahal izateko modukoa. Batzuetan errealitatea liburuetakoa baino ederragoa izan litekeela nik neuk frogatzeak asko poztu nau.

“Inoiz ez duzu ahaztuko nagusi txar bat, baina lider on bat ere ez”.

(Patricia Ramirez. Betis futbol taldeko kirol-psikologo ohia)

Argi ikusi dut gaur egun nagusi txarrak askoz gehiago direla lider onak baino; askotan autoritateaz baliatuz botere-gehiegikeriak egiten direla eta pertsonengan eragin negatiboa izan dezaketela. Baina tarteka badira lider onak, etikoak eta eraginkorrak, eredu direnak eta pertsonen onena ateratzeko artea dutenak, alegia. Eta merezi du haiengandik ikastea badela gauzak egiteko beste modu bat, justua eta zuhurra dena, errespetuan oinarritua. Hoberenen eredua jarraitzeak hobetu egiten du gizakia.

Esperientzia horrek irakatsi dit nagusi batek menpekoak dituela eta lider batek, berriz, jarraitzaileak bereganatzen dituela. Ezer baino lehen, lider on bat baloreetan oinarritzen da, horiekiko leiala izanik; bere jarrera zein portaeretan azaltzen du. Bi hitzetan: apala eta koherentea izateaz gain, benetan inteligentea eta baikorra da. Halaber, komunikatzaile oso ona da, pertsonak motibatzen dakiena, modu positibo bezain sakon batean eraginez. Une bakoitzean hitz zehatza esaten daki, eta lasaitasuna, indarra, konfiantza eta segurtasuna transmititzen ditu egoera zailenetan ere. Erronkak diren helburuak planteatzen ditu, pertsonak duten onena ematera bultzatuz, lortzen saiatu ahal izateko. Eginkizunik zailenak erraztu egiten ditu. Eta azkenik, argudioekin, esperientziarekin eta lasaitasunarekin bereganatzen du errespetua, ez inposatuz. Gainerakoek errespetatu egiten dute, zintzotasuna, leialtasuna eta lan-onari esker; horrek guztiak sinesgarritasuna ematen dio.

Pertsona askok daukagu beste batzuekiko ardura, nola familian, hala lanean, kirol-arloan, edota gizarteko beste hainbat alorretan. Horren aurrean, argi izan beharrekoa iruditzen zait gu geu eredu izaten saiatuz bete behar dugula besteekiko ardura etiko hori: hitzez esandakoa, jarreretan eta portaeretan azaltzea tokatzen zaigu. Horrek koherentzia eta zintzotasuna eskatzen ditu; hortik datoz sinesgarritasuna eta eraginkortasuna. Azken finean, jarrera kontua da, guztiok ikasi eta hobetu dezakegu, hala nahi izanez gero. Hori bai, bakoitzaren aukera askea da. Hala ere, oso argi daukat hitza betetzeak, hitzekoa izateak nolako balioa duen eta gizakia nola edertzen duen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide