Ilusioaren hegoak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Etxeberria Larrañaga 2017ko aza. 23a, 11:03

Aspaldi entzun nituen hitz horiek. Xumeak bezain esanguratsuak iruditu zitzaizkidan, eta barruan zirrara sakona eragin zidaten. Argi ikusi nuen esaten dena bizitzen denean, hitzek badutela indar berezi bat eta entzulearengan antzeko indarra pitz dezaketela sarritan. Nahiz eta ordutik hona bizitzak buelta asko eman, egunero gogoan izaten saiatu naiz, niretzat bizia benetan bizitzeko eta zentzua aurkitzeko filosofia ezin hobea izan direlako.

Ilusioak gizakiari hegoak ematen dizkio, lurretik jaiki gabe hegan egiteko. Ilusioak motibazioa dakar, eta pertsona motibatua sentitzen denean indartsu sentitzen da.

Egia da askotan ilusioa izatea inozo edo xaloegia izatearekin nahastu izan dela. Inguruan izaten da jendea errealismo falta aurpegiratzen duena: “Egin amets, amets egitea debalde da eta”. Baina argi ikusten dut benetako ilusioa gauza serioa dela. Eta oso errealista. Ilusioak konpromisoa, inplikazioa eta ardura etikoa eskatzen ditu. Uste dut bizitzan aurrera egiteko ezinbestekoa dela norbere burua motibatzeko gaitasuna izatea, behin eta berriz ilusio berriak pizteko, nahiz eta batzuk bidean gelditu eta gauzatzerik ez izan.

Ilusioak jarrera baikor batekin amestera bultzatzen gaitu eta ametsak egitasmo bihurtzeko ekitera garamatza. Alegia, erronkak planteatu eta arriskuak hartzera. Eta horrek abentura-sentsazio bat sortzen du barruan. Ondo planteatzen diren helburuek norbere gaitasunaren gainetik egon behar dute, eta horrek ezezaguna den zerbait egitera garamatza. Bizirik sentiarazten gaitu, baina aldi berean kezka edo beldur puntu bat ere sortzen du. Hala ere, zenbat eta ilusio gehiago izan egitasmo batean, zenbat eta motibatuago egon, batek beti du errekurtso gehiago edo sufrimendua jasateko jarrera hobea, eta horrek ateratzen gaitu beheraldi-uneetatik.

Argi ikusten dut motibazioa mantentzeko erronkak ondo aukeratu eta neurtu behar direla, eta norberak hautatzen dituenean errazagoa dela motibatua sentitzea, kanpotik jartzen dizkigutenean baino. Helburuak geureak direnean, bakoitzaren sakoneko grinei erantzuten diete; era berean, norbere ahalmenak eta momentuko mugak kontuan hartzen dituzte, eta bakoitzak neurri handi batean aukeratzen du erronka hori nola aurrera eraman, aldez aurretik akatsen eta ondo-eginen ardura osoa bere eginaz. Eta nola ez! “Porrotaren” posibilitatea ere bai. Ilusioak beldurrari kontrapisu egiten dio eta “porrotaren” posibilitatea erlatibizatu egiten du, jokoaren parte dela onartuaz, eta gertatuko balitz jarrera egoki batekin aurrera egitera bultzatuaz. Azkenean, norbere ametsen neurrikoa da gizakia.

Bizitza intentsitatez bizitzeko erronka interesgarria iruditzen zait une bakoitzak dakarkigunari begi berriekin begiratzea, kuriositatez eta interesarekin, unean unekoa onartuaz. Uste dut jarrera horrek ilusioa mantendu eta berritzen lagundu dezakeela; eta, une zailenetan, baita ahal den ondoena egokitzen eta erantzunik egokiena ematen ere.

Nire galdera da: errutinaren gurpilean, gehiegizko presan, aspermenean eta inozotasunean erori gabe, gai ote gara lurretik altxatu gabe ilusioz hegan egiteko?

«Motxilan ilusioa besterik ez daramagu», Felix Iñurrategi.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide