Maxixatzenen etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2023ko api. 28a, 09:22
Urrian egindako mintegiaren irudi bat. (Nerea Uranga)

Duela 27 urte jaio zen Maxixatzen, eta 27 urte hauetan gizartea erabat aldatu da. Maxixatzenek bere funtzioak egoera berri honetara egokitu beharko ditu, eta hori zehazteko parte hartze prozesu bati ekingo diogu.

Aurreko mende amaieran ekin genion gure ibilbideari, paperezko komunikabidearekin eta kultura ekintzen antolaketarekin. 27 urte hauetan gizartea, eta nola ez, hizkuntzen egoera zeharo aldatu da mundu globalizatu honetan, zer esanik ez hizkuntza gutxituena. Horregatik Maxixatzenek beharrezkoa ikusten du bere funtzioak egoera berri honetara egokitzea.

Horretarako parte hartze prozesu bati ekingo diogu, eta bi saioetatik lehena maiatzaren 6an izango da, Elkargunean. Lehen saio horretan Maxixatzenen ibilbidea eta gaur egungo egoeraren berri emateaz gain,  bertaratutakoen iritziak jasoko ditugu. Euskaraldiarekin egin genuen antzeko froga bat (ikusi argazkia) eta oso baliagarri izan zela ikusi genuen. Oraingo honetan EMUN-en laguntza izango dugu, parte hartze prozesuetan sekulako esperientzia duen aholkularitza, ekarpenak eta ondorioak ondo zehazteko bermea izateko.

Saioa 10:00etatik 13:00etara izango da, tartean kafea eta/edo mokadutxoarekin.

Guretzat garrantzitsua da herritarren iritzia jasotzea, beraz animatu eta parte hartu!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide