Bidali galderak Reparazi eta Garrori

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2019ko api. 29a, 07:56
Pello Reparaz 'Euskalonski' saioaren aurkezlea.

'Euskalonski: euskal hiztunak munduan zehar' hitzaldia izango da aurtengo Maiatzeko Loratako lehen ekintza. Maiatzaren 8an, 19:00etan, Pello Reparaz aurkezlea eta Lander Garro zuzendaria Azkoitian izango dira herritarren galderei erantzuteko.

Euskaraz hitz egiten du Pello Reparazek edonongo euskal hiztunekin, Lander Garrok zuzendutako 'Euskalonski' saioan. Madril, Mosku, Venezia, Poznan, Montevideo, Buenos Aires, Brusela, New York, Berlin, Londres, Paris, Tokio izan dira orain arteko kokaguneak, ETBk udan saioa berriz eman bitartean.

Maiatzeko Lorak jardunaldiak zabaltzeko, maiatzaren 8an Elkargunean izango dira Lander Garro eta Pello Reparaz, 19:00etan, eta Ana Zubizarretak gidatuko du solasaldia. Aldez aurretik, protagonistek erantzuteko galderak biltzen ari garenez, bidali zuk ere zureak. Ana Zubizarretak galdera horiek egingo dizkie Garrori eta Reparazi saioan bertan.

Hona hemen orain arte jasotakoak:

- Munduan zehar hainbat motibazio desberdinek bultzatuta euskara ikasten duen jendea ezagutu duzue. Hainbat euskal herritar erdaldunentzat motibazio hori aurkitzea zaila izanda, zerk failatzen du?

- Nolatan sortu zitzaizuen horrelako saioa egiteko ideia?

- Ideia mamitu ondoren, nola osatu zenuten lantaldea?

- Zer irizpide jarraitzen duzue hiriak aukeratzeko garaian?

- Gonbidatu gehienak jatorriz hizkuntza hegemonikoetako hiztunak dira. Oro har, hizkuntza handietako hiztunentzat denbora galtzea izan ohi da esparru murritzean erabili daitezkeen hizkuntzak ikastea, eta, hala ere, ehundaka lagun ari dira euskaraz ikasten. Zer balio erantsi ezartzen dio horien jarrerak eta ikuspegiak hizkuntza txikien biziberritze prozesuari?
 
- Ez dakit zuek irudipen bera izango duzuen, baino telebistaz ikusten dena oso giro goxoa da. Oso hurbila eta benetakoa ematen du Pelloren eta gonbidatuen arteko elkarrizketak. Zer dago horren atzean, Pelloren berezko xarma edo gidoian bertan propio bilatutako goxotasuna?
 
- Herrialde eta kontinente desberdinetakoak izan arren, elkarrizketatu askok aipatu dute euskara magikoa dela. Zer iruditzen zaizue esan nahi dutela horrekin?
 
- Zer hiztunek harritu zaituztete gehien?
 
- Nork egin dizue kilika bihotzean euskaldun gisa?
 
- Norekin egin duzue barre gehien?
 
- Gerora segitzen al duzue batekin edo bestekin harremanetan?
 
- Nolakoa da atzerrian bizi diren euskaldunekin harremanetan jartzeko prozesua?
 

Hurrengoa zurea izan daiteke. Egizu galdera behean erantzuna bidalita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide