Euskal kulturako hiru arlotan murgilduko dira Maiatzeko Lorak 2018

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2018ko mai. 2a, 12:52

Laugarrenez erne dira aurten udaberrian Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen Maiatzeko Lorak. Ziklo bat osatzen da nolabait urtean zehar gure elkartearen orbitan: Maiatzeko Lorak naturaren goraldian, eta Orbel Jokuek udazkenean, hostoak erortzean. Goraldian nahiz beheraldian, euskaraz jolas egiteko, ikasteko, aberasteko eta gozatzeko modua eskaini nahi dugu guk.

 

Aurtengo Maiatzeko Loretan euskal kulturako hiru arlotan murgilduko gara: euskara bera, memoria historikoa eta musika. Hasteko, azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko den Euskaraldia izango da protagonista, Iñaki Arruti komunikatzaile apartarekin. Ondoren, Amagoia Gurrutxagak Gerra Zibil garaiko eta osteko testigantzak izango ditu ardatz, bikain dokumentatutako hitzaldi pizgarrian. Bukatzeko, Juan Carlos Perez musikari handiaren ibilbidea hartuko dugu hizpide, guztiontzako solasaldi irekian.

 

Egitaraua:

 

  • Maiatzaren 10ean, Iñaki Arruti Lasarteko euskara teknikaria Euskaraldiaz Elkarguneko Oteiza aretoan 19:00etan.

 

  • Maiatzaren 17an, Amagoia Gurrutxaga kazetari eta idazlearen “Gerra gauza alua da” hitzaldia, Elkarguneko Oteiza aretoan 19:00etan.

 

  • Maiatzaren 24an, solasaldi irekia Juan Carlos Perez Itoiz taldeko musikariarekin, Elkarguneko Oteiza aretoan 19:00etan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide