Inertziak apurtzeko ariketa

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2018ko ots. 2a, 09:19

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, batera, herritarren aitzindaritzatik, era guztietako erakundeen babesarekin, aldaketa zehatzak lortzera bideratutako ekimen praktikoa. Horrela laburbildu daiteke 2018an herriz herri antolatzen ari den Euskaraldia, duela bi hilabete Euskal Herri osoko hainbat eragile sozialek eta erakunde publikok aurkeztutako ekimena.

 

Herrigintza tradizio luzea dugu gurean. Hizkuntzaren aldeko borroka komunitatearen garapenerako tresnak sortzera bideratzen asmatu izan dugu. Orain, hizkuntza komunitate modura ditugun desafioei erantzuteko momentu erabakigarrian gaude. Euskaraldia kate luze baten katebegi izateko jaio da; biziraupenaren aldeko borrokan egotetik garapenean dagoen komunitate bat lortzera bideratu nahi dugu. Beste egitasmo askorekin batera nahi genuke Euskaraldia.

Herriz herri euskaldunok ahalduntzeko hedatu diren ekimenetan du oinarria Euskaraldiak. Bestela esanda, euskaltzale askoren erabaki pertsonal eta kolektibotik dator. Gutxiengo izatearen konplexuak alde batera utzi, eta euskaraz bizitzeko nahia beren bizitzan praktikara eramateko erabakia hartu dute milaka lagunek jadanik (Agurainen, Egian, Lizarran, Baionan, Arrigorriagan,...). Inguruko harreman sareetako hizkuntza portaerak aztertu, eta inertziaz bestelako hizkuntzatan dituzten harremanak euskarara ekartzeko hautua egin dute; eta hautua praktikara eraman. Hau modu kolektiboan egitea erabaki dute, denek batera, elkar babestuz eta mezu bateratua zabalduz: gu euskaraz bizitzera goaz! Horretarako, Euskal Herrian hedatzen ari den errealitatea baliatu dute: gero eta jende gehiago da euskara ulertzeko gai. Hau ez da ekimen sinboliko bat, ohiturak aldatu eta harremanetan inertziak apurtzeko ariketa sozial praktikoa da.

Mugimendu herritarra izan da hau eta aurrerantzean ere horixe izango da Euskaraldia: herritarren eragiletzan eta aitzindaritzan oinarritutako ekimena. Ehunka boluntario eta aktibista ari dira jadanik lanean herriz herri, euskaltzaletasunak batuta eta hizkuntzarekiko konpromisoa ipar modura hartuta. Sarea zabaltzen ari da eta ahalduntze hau da hizkuntza komunitatearen etorkizunaren berme nagusia.

Eta zein da erakundeen funtzioa guzti honetan? Babestea, herritarrek martxan jarri dugun dinamika honi  babes neurriak gehitzea. Era guztietako erakundeak batu nahi izan ditugu Euskaraldira. Euskalgintzan ari garenon eta erakunde publikoen arteko aliantza argi bistaratu da, baina gizartean eragina duten gainontzeko entitate guztiak ere interpelatu nahi ditugu: erabilerarena ez da norbanakoen kontu hutsa, erakundeek espazio horiek babestu eta euskararen erabilera bultzatzeko testuinguruak sortu behar dituzte. Horregatik, erakundeen funtzioa ez da ekimenari atxikimendua ematea soilik, inguruan eragin eta praktika sozial berriak sortzeko ardura ere eskatzen zaie.   

Beste helburu bat ere badugu: euskalgintzatik nekez heldu izan garen gizarteko sektoreetara heltzea. Auzi hau ez da euskaltzale aktiboen kontua bakarrik. Era guztietako entitateak nahi ditugu horretan bidelagun.

Eta, hau, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan batera. Aspaldiko urteetan gutxitan ikusi dugun zerbait da, lurralde guztietako euskaltzaleak eta erakundeak batera, norabide berean, lanean. Herriz herri hedatzen joan diren ekimenek orain arteko mugak gainditzeko gaitasuna erakutsi dute. Euskal Herri osoan proposamen baten bueltan hainbat lagun gogoz lanean ikustea handia da!  

Herriz herriko dinamika aberatsetatik badugu zer ikasia Euskal Herria lan eremutzat dugun erakunde eta eragileek. Hausnarketa partekatuak egitetik harago, urratsak batera ematera jotzea kosta egiten zaigu herri honetan. Eta urratsak ematen hasita, aukera baliatu beharko genuke anbizioz emanak, eraikitzaileak, sakonak eta atzera bueltarik gabeak izan daitezen. Eta, batez ere, urratsak beste batzuen atariko eta lorpen berrien abiapuntu izan daitezen.

Azaroaren 23an Euskaraldiaren aurkezpenean edo Korrikan, Santiago zubian, egindako argazkiak ez dira irudi hutsak, euskalgintzari norabide berritua ematen dioten sakoneko mugimenduak dira, elkarlan eta konplizitate berrien bila egiten diren proposamenak. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, batera, herritarren aitzindaritzatik, era guztietako erakundeen babesarekin, aldaketa zehatzak lortzera bideratutako ekimen praktikoa. Argazkia baino gehiago da hori.   

Herritarren nahiari galga jartzen dioten inertzia zaharrak apurtzeko momentua da. Ekintza sinbolikoetatik urrats praktikoetara pasa, ezagutza hazten jarraitu, harremanetan sakoneko aldaketak sortu, eta pertsonen zein erakundeen ohitura eta inertziak apurtzeko garaia da. Honen bueltan ari diren herritar guztien indarrak aldaketa handia sortuko du, ez daukagu zalantzarik. Biba zuek!

 

Iker Martinez de Lagos

Euskaltzaleen Topaguneko kidea

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide