Juan Karlos Merino idazle lagunari, esker onez

Beste bizitza batean -11-

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2017ko mai. 19a, 10:00

Laster abisatu zien historialari, antropologoei eta hainbat erakundetako ikertzaileei. Eta denek egiaztatu zuten aurkikuntza paregabea zela. Horrela, indusketei buruzko ikerkuntzak aurrera egin ahala, kasuak gero eta oihartzun handiagoa hartu zuen mundu osoan, eta mundu osoko psikiatria arloko adituak etorri ziren ni ezagutzera.

Herrialde askotako telebistetako langile taldeek elkarrizketatu ninduten. Hitzaldi eta erreportaje asko argitaratu ziren nire kontuak azalduz. Famatu egin nintzen mundu osoan: psikologia eta zientzia aldizkarietan azaltzen nintzen, filosofoak eta pentsalariak telebista saioetan eztabaidan aritzen ziren nire kasuaz, eta ez ziren ados jartzen. Izan ere, teoriak eta teoriak daude; zenbat buru hainbat aburu! Nire aldeko adituek ondorio bat atera zuten: nire kasua benetakoa baldin bazen, bertan behera geldituko zen ordura arte ezagututako bizitza eta bizimodua; bai, une hartan ezagutzen zen munduaren oinarriak hautsi ziren. Nik, ordea, deus ez nuen ulertzen. Txikiegia nintzen horretarako.

Urte mordoa iragan dira harrez gero, eta ez dute argibiderik topatu. Oraindik ere askok eta askok esaten dute dena gezurra izan dela; asmatutako lerdokeria bat besterik ez dela. Publizitate hutsa, akaso. Nola edo hala, eztabaida handiak eta zalaparta ugari eragin izan ditu gertaerak.

Horrelaxe, beraz, aurkitu nuen Munoandiko harri-etxea.

-Aita!

-Zer?

-Ahaztu al zaizu berriz ere?

-Ez, txikito, ez, oraintxe esatekotan nintzen. Pasa den hilean telefono-deia izan nuen. Aranzadi taldeko kide batek komentatu zidan gizaki baten hezurrak aurkitu dituztela espeleologoek, justu nik adierazi nien tokian; baina, bitxiagoa egin zaie hortik hurbil agertutakoa: garbitu ostean, daga formako metal pusketa bat azaldu da, herdoilak janda. Eta, noski, denak harritu dira horrekin; guztiak, ni izan ezik; izan ere, nik neuk bota bainuen metal pusketa leku hartara. Hori bai, beste bizitza batean.

 

Amaiera.

2010-02-17

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide