Hurrengo hilabeteetan, hamaika medikuk eta adituk ikusi ninduten; dena alferrik. Hori bai, denak ados zeuden diagnostikoarekin, eta adierazi zuten horrelako kasurik sekula ez zutela ezagutu.

-Ez dirudi mutikoa gezurretan dabilenik -esan zieten aita-amei.

-Dena den, proba batzuk egingo dizkiogu. Berehala jakingo dugu zer den.

Berehala? Proba batzuk? Urte osoa eman nuen sendagile artean. Hainbat ospitaletan psikologia-testak eta proba anitz egin zizkidaten. Makina handietan sartu ninduten, tak-tak-tok-tok gisako zarata handiak egiten zituztenetan. Dena alferrik.

-Noraezean gaude. Ez diogu ezer okerrik aurkitzen –ondorioztatu zuten, urtebete iragan ondoren.

Aita-amak lasaitu egin ziren. Baina gero eta aspaldiko oroitzapen bizi gehiago etortzen zitzaizkidan niri. Baserriko ipi-apa guztiak nituen buruan eta ahoan: sarreran, ateko eguzki-lorea eta lizar adarra biziki gogoan nituen; habe eta zutoin zahar haiek nola eusten zioten teilatu zabalari; nolakoak ziren kako eta soka pila, denak txerrikiak zintzilikatzeko, edo emakumezko buruko jantzi mordo hura. Gogoan nituen apaletan zeuden laiak eta labanak, horietako batzuk, ezpatak bezain luzeak, eta, halaber, karraka, aizkorak eta igitaiak, kaikuak eta erretiluak, antoxinak eta brontzeko pisu bat... Eta gogoan nuen hura guztia, eguargia bezain argi, goizeko gosaria gogoan dudan bezain garden.

-Ezin dugu aurkitu zer duen zuen semeak –esan zuten azkenik medikuek-. Gure esku ez dagoen zerbait da.

-Nola? –gurasoek galdezka-. Ez dugu ulertzen. Zer esan nahi du horrek?

-Beno, zera, oraindik ere burua da gorputzeko organorik misteriotsuena. Askotan ez dugu ulertzen nola funtzionatzen duen. Horixe da gure kasua. Ez dakigu nola sortzen diren oroitzapen horiek zuen semearen burmuinean. Ziur dakigun gauza bakarra da ez direla asmatutakoak. Benetako oroitzapenak dirudite. Dena den, axola ez bazaizue, parapsikologia psikiatrikoan aditua den Bartzelonako kide bati hots egingo diogu gaur bertan. Kasua azalduko diogu, eta zerbait argituko digulakoan nago. Eragozpen bakarra, Bartzelonatik etorri behar izatea. Hortaz, hobe litzateke hara joatea mutikoarekin. Sentitzen dut. Hori da gure azken itxaropena.

Azken itxaropena.

Hura gehiegi izan zen gurasoentzat. Eta egun hartan, afaltzen etxean geundela, haserretu egin ziren nirekin. Izan ere, ez nintzen isiltzen, beti beste bizitza batean banengo bezala portatzen nintzen.

-Laga behingoz hori, aditu! -errieta egin zidan amak eskuak dardaraka zituela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide