Oker ez banago, zortzi urteko mutikoa nintzela, marrazki bizidunak ikustea gogoko nuen. Herriko mutil askok bezalako bizimodua nuen: gehienetan etxetik eskolara eta eskolatik etxera.

Nolatan bururatuko zitzaidan kontu bitxiren bat jazoko zela? Nori eta niri gertatuko zitzaidala? Gure amak casting batean apuntatu ninduen, eta berehala hartu ninduten; mutiko egokia nintzen haien asmoetarako. Eta pozik hasi ginen, parte hartzaile bakoitza bere papera buruz ikasten eta antzezten. Orduan, bat-batean, dena etorri zitzaidan gogora.

Baserrian nengoela sentitu nuen, eta garai hartan ere, gauzarik harrigarriena zortzi urte betetzear nengoela gertatu zen. Eguzkiaren egunean izango zen, ekiak, sarrera gaineko leihotxotik bete-betean sarturik, tinko jotzen zuen baitzuen sutondoan. Ustekabean, sugarrak bizitu egin ziren. Berehala, laratz inguruko horman goitik behera ezohiko zerbaiten jarioa hasi zen. Odolaren koloreko izerdia zerion paretari; harri eta zur geunden denok. Ondoren sua areagotu egin zen, eta amorruzko sugar-dantza batean bezala aritu zen, nonbaitetik haizea hartuko balu bezala. Hura ikusita, aieneka hasi zen gure amona:

-Ai ene! Gure arbasoen arimak dira!

Sutondora hurbildu ginen denok. Ondoan zegoen katua bat-batean esnatu zen, eta bizkarra era txarrean okertu zitzaion, ileak laztuta. Aldi berean, ahoko biloak tentetu zitzaizkion, haginak agertuz. Animalia suari so geratu zen horrelaxe, sorginduta bezala, sugar artean gaiztakeriaren zantzuren bat ikusi izan balu bezala. Gogoan dut, une hartan, laratzeko horma gainean izaki baten errainua agertu zela bat-batean. Eta amamak egin zuen berba, ahotsa asaldatuta.

-Ai ene! Arbasoak hoska ari zaizkigu.

Anai-arrebok, zer gertatzen ari zen ziur jakin ezinik, harrituta geunden amonari begira, zer egin ez genekiela. Gure aitak atzera egin zuen, begiak zabalik. Osabak ez zuen tutik ere esan. Paralizatuta zegoen.

-Unea heldu da. Baserriak zeratu du berea –ahoskatu zuen amamak ahoan intxaurrak balitu bezala.

Ama jaiki eta aurrera egin zuen.

-Unea da, bai -esan zuen kantuan ari balitz bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide