1766ko matxinada ezagutzeko ibilaldia, Olatz Arangurenek gidatuta

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2017ko mar. 27a, 09:43

1766ko matxinada ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo dute apirilaren 8an, larunbata, 10:00etatik 12:00etara, Azkoitian abiatu eta Azpeitira, Olatz Arangurenek gidatuta. Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Udalak antolatu dute ibilaldia. Azpeitiko Uztarria Komunikazioa Taldeak bideoan elkarrizketatu du Olatz Aranguren gidaria. 

250 urte bete ziren iazko apirilean Azkoitian eta Azpeitian gariaren matxinada bezala ezagutzen den altxamendua lehertu zela. Gariaren eta artoaren prezioak igotzeak eta beste zenbait arrazoik eragin zuten herri xehearen altxamendua, garai hartako jauntxoen aurka. Gertakari hau ezagutzeko hainbat jarduera egin ziren iaz bi herrietan: hitzaldiak, erakusketak…

Honekin jarraituz, ibilaldi gidatua antolatu dute aurtengorako, Egurbideko olatik (Azkoitia) abiatu eta Azpeitian amaituko dena, "1766ko matxinada" kalearen izendapenarekin. Matxinada hartan zeresana izan zuten eraikinak eta txokoak bisitatuko dituzte, orduko gertakariak ezagutuz.

30 lagunek egin ahal izango dute gehienez ibilaldia, eta parte hartzeko izena eman behar da azpeitikokulturmahaia@gmail.com e-postara idatzita edo 688 895 472 zenbakira deituta. Autobusa egongo da ibilaldiko leku aldaketak egiteko.   

Ibilaldia laguntzeko eginiko esku-orria banatuko zaie parte hartzaileei, baita Azpeitiko Udalak ateratako "1766. urteko matxinada Azpeitian. Arrazoiak eta garapena" Ildefonso Gurrutxagaren liburua ere. Turismo bulegoetan eskuragarri jarriko dira esku-orri hauek apirilean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide