Aitor Aranaren hitzaldia. Esperantoa: euskara normalizatzeko hizkuntza baliagarria

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2016ko api. 29a, 09:12
Argazkia: Uztarria.eus.

Literaturako genero eta gai asko jorratu dituen idazlea da Aitor Arana. Sari ugari eskuratu izan ditu, baita maila gorenekoak ere, hala nola, Euskaltzaindia saria edo Irun Hiria. Baina literatur lanez gain jorratu izan ditu bestelako arloak ere. Horien artean, hiztegigintza, euskalkien ikerketa, gramatikak sortzea… eta baita esperanto hizkuntza artifiziala ere.

 

Aspaldi ikasi zuen nazioarteko hizkuntza, eta horren harira Maxixatzenek antolatutako Maiatzeko Lorak ekitaldi sortaren aurreneko hitzaldia eskainiko du asteazkenean Elkargunean, 19:00etan: “Esperantoa: euskara normalizatzeko hizkuntza baliagarria”.

Zer hizkuntza da esperantoa? Nolatan sortu zen? 

Esperantoa nazioarteko harremanetarako hizkuntza neutral bakarra da. Neutrala esatean, munduko inongo hizkuntzarik ez duela ordezkatu nahi esan nahi da, eta herri guztien arteko harremanetan inposaketarik gabe laguntzen duela.

Esperantoa ikasteko lehenbiziko gramatika 1870ean sortu zen, hizkuntza naturalen osagarri logikoak bereganatuta eta zailak baztertuta. Hori dela eta, munduko hizkuntzarik ikasterrezena da. Esan daiteke "Herri bakoitzak bere hizkuntza eta denok Esperantoa" adierazteko eta mezu hori praktikan jartzeko sortu zela.

Nolako zabalkundea du munduan zehar gaur egun? 

Zabalkunde txikia du gaur gaurkoz, estatu ahaltsuetako gobernuek Esperantoaren berdintasunerako idealaren alde egin beharrean, munduan nork bere hizkuntza ezartzeko ahalegina egiten dutelako.

Euskara normalizatzeko hizkuntza baliagarria dela diozu. Zergatik?

Euskara lehendik eta luzaroegi bi hizkuntza handiren menpe dagoelako: espainolaren eta frantsesaren menpe. Esperantoa benetan nazioarteko harremanetan erabiliko balitz, euskararen bi hizkuntza horiekiko (eta ingelesarekiko) menpekotasuna hautsi egingo litzateke, hizkuntza guztiak (handiak eta txikiak) maila berean egongo liratekeelako. 

Zer mezu helarazi nahiko zenuke Azkoitiko hitzaldian?

Berri zahar eta on baten berri eman nahi dut, munduko esperantista guztiekin batera. Esperantoa existitzen dela, alegia, eta beraz, nazioarteko hizkuntzaren arazoa aspaldi konponduta dagoela... baina gure agintariek ez dutela horretan batere interesik, eta hizkuntza naturalak ikasteko lana eta gastuak gure familien ekonomiaren kontura uzten dituela. Beharbada arazo horri guk geuk heltzeko garaia heldu da, geure onerako eta geroko belaunaldien onerako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide