Pako Aristiren hitzaldia bideoan

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2015ko eka. 1a, 13:28

Zergatik dago euskara dagoen egoeran? Eta nola dago euskara? Galdera horiekin hasi zuen urrestildarrak iaz argitaratu zuen Euskararen isobarak liburuaren inguruan maiatzaren 20an Elkargunean eskainitako hitzaldia.

 

Historian zehar euskarak bizi izandako funtzio galeraren berri eman zigun. Hizkuntzaren funtzioak piramide batekin irudikatu zituen, eta azken 700 urteetan piramide hori husten nola joan den erakutsi zigun arbelean egindako krokisetan. 1200. urtean Gipuzkoan batzarkide izateko gaztelania jakin beharra derrigortzea, 1349. urtean euskaraz hitz egitea debekatzea Huescan , garaiz garai bizi izandako kolonizazioa eta populazioaren ordezkapenak…

Mendekotasuna mendeetan zehar bizi izan denean, azkenerako ikusezin bilakatzen dela aipatu zigun. Euskararen aurkako gutxiespena barruraino sartu zaigu, hiztunok sinestera iristeraino.

Eta egoera horrek 5 ezaugarri ditu pertsonengan: konplexuak, lotsa, autogorrotoa, autoerrepresioa eta autoestimua galtzea.

Artzeren “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik” esaldiarekin ez dator bat bere horretan. Bere iritziz, esaldi horri ondorengo galdera egin behar zaio: zergatik uzten dio hiztun batek bere hizkuntza hitz egiteari? Errua geure buruari botatzea ekintzarik paralizatzaileena dela azaldu zigun. Urteetan zehar bizi izandakoak norbanakoarengan eragin arren, erantzunak politikoa behar duela dio Aristik. 

Korrika 19aren amaieran Lorea Agirrek irakurritako mezuan aldarrikatu zuen euskara arazo kolektibo eta politikoa dela, baina erantzun apolitiko eta indibiduala ematen ari gara, eta horrela jai dugu.

Piramidean espazioak irabazteko beste hizkuntza batzuei lekua kendu beharko diegu. Eta egitekoa bi norabideetakoa izango da. Presio soziala batetik, eta erakundeen babesa, bestetik; bigarrengorik gabe, lehenengoa ez baita nahikoa izango. Norbanakook ekintzaile izateko erakundeen babesa behar baitugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide