'Satiro' antzezlana ikusgai igandean, Matadeixen

Erabiltzailearen aurpegia Matadeixe 2020ko eka. 23a, 08:00

19:00etan hasiko da Xanti Agirrezabalaren 'Satiro' antzezlana. Antzezlana ikusteko aurrez sarrerak gordetzea nahitaezkoa izango da, baita egunean bertan maskara jantzita eramatea ere.

Gustura gaude, bueltan gara! Duda, beldur, zirrara eta mila egoera desberdinetatik pasatu eta beharrezko segurtasun neurriak hartu eta gero, datorren igandean, ekainak 28, Xanti Agirrezabalaren Satiro antzezlana eskainiko dugu Matadeixen. Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko plan borobila! Astroak batu dira! Emanaldia zuzenean jarraitzeko sarrerak 5 euro balio du.

Nik ditut zure desirak, zure nahiak, zure fantasiak, zure erotika. Ni, zu naiz. Dena da haragia, gorputza. Gorputzaren bila zabiltza etengabean. Gorputza baduzu, baina ahaztu egiten duzu, larrosaren usainak larrosa ahazten duen bezala, aurkitu nahian dabilen gorputz batek gorputza aurkitzen duen arte. Elizak dio: gorputza erruduna da. Zientziak dio: gorputza makina bat da. Iragarkiak dio: gorputza negozioa da. Gorputzak dio: ni festa bat naiz. (Eduardo Galeano)

Antolakuntzan aldaketa batzuk egin beharra ikusi dugu momentuz behintzat. Matadeixeren edukiera mugatu dugu eta etortzeko asmoa duenak —benetan etorriko denak— sarrerak aurretik gorde beharko ditu. Horretarako idatzi mataderoekintzak@gmail.com helbidera, 'Satiro sarrerak' gaia jarrita eta gutxienez pertsona baten izen-abizenak zehaztuz. Hortaz gain maskarak ekartzea beharrezkoa izango da. Igandean ikusiko gara!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide