Azkoitiak ere izan du ordezkaritza Igeriketa egokituko Gipuzkoako Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Marea Urdina 2021ko api. 18a, 09:25

Gotzon Alberdi eta Luken Orbegozo igerilariek parte hartu zuten atzo Azpeitian ospatutako lurralde mailako txapelketan.

Kirol egokituaren mundua nahiko ezezaguna dugu gure bailaran eta aniztasun funtzionala duten herritarrek aukera gutxi dute hori praktikatzeko.

Salbuespen gisa igeriketa daukagu, urteak dira astero birritan igeriketa egokituko entrenamenduak aurrera eramaten direla Azkoitiko igerilekuan, eta atzo, lehenengo aldiz, ahalegin horren fruituak ikusi genituen Azpeitian ospatu zen Igeriketa egokituko Gipuzkoako Txapelketan.

Marea Urdinako kide diren Gotzon Alberdi eta Luken Orbegozok 25 metro libreko proban parte hartu zuten, eta lortutako emaitzekin oso pozik agertu ziren.

Bide luzea daukagu oraindik egiteko kirol egokituaren munduan gure bailaran, baina dudarik gabe atzokoa pausotxo bat gehiago izan zen.

Zorionak bioi!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide