Marea Urdinaren 2020ko egutegia

Erabiltzailearen aurpegia Marea Urdina 2019ko abe. 3a, 09:00
Bereziki gaur, abenduak 3, Ezgaitasunaren Nazioarteko Egunean, berri zoragarri batekin gatoz. Aurreratu genizuen bezala 2020. urterako zerbait oso berezia prestatzen ari ginen. Urte osoan aniztasun funtzionala duten pertsonak —zuen herrikideak— oso gertu izateko zerbait sortu nahi genuen eta horrelaxe 2020ko Marea Urdina Egutegia bukatu berri dugu.

 

Helburua, sentsibilizazioa

Egutegiaren helburua bakarra da, sentsibilizazioa. Urtean zehar aniztasuna herritarrengandik gertu izatea du helburu, pertsona hauek gertukoak baitira, bertakoak.

 

 

12 hilabete, 12 pertsona anitz

Aurreko publikazio batean azaldigenuen bezala, 2020 urteak hilabete oso bereziak izango ditu, hilabete bakoitzen bailarako aniztasun funtzionala duen pertsona bat izango da protagonista, bertan izango ditugu: Xuban, Ane, Luan, Iren, Ursula, Alex, Luken, Nora, Andoni, Jone, Gotzon eta Igor.
 
Hamabi pertsona, hamabi aniztasun, hamabi herrikide, hamabi lagun, hamabi eskolako gelakide, hamabi familiarteko, hamabi ezagun… seguru batzuk gertukoak dituzuela, bertakoak baitira.
 

 

Hilabete bakoitzean esaldi berezi bat

Hilabete bakoitzaren goiburuan esaldi bat idatzi dugu, ez da edozein esaldi. Esaldi horiek urrian egin genuen 'Ezagutu nazazu' erakustaldian jendeak idatzi zituen komentarioetako batzuk dira. Denak oso esanguratsuak, bihotzetik idatziak, denak oso-oso bereziak, hilabeteko pertsonaiak bezalaxe.
 

 

Bukaeran, urteko laburpena

Eta egutegiaren bukaeran, azkenengo bi orriak, Marea Urdinak urtean zehar aurrera eraman dituen edo parte hartu duen ekintzetako laburpen batekin osatu ditugu. Zuei esker, aniztasuna eta inklusioa gogoan izan dituzuelako, zuek antolatutako ekintzetan parte hartu ahal izan dugu.
Har itzazue bi orri hauek gure esker ona adierazteko era bezala.
 

 

Leku publikoetan jartzeko opari emango dugu

Sentsibilizazioa denez helburua, gure bailarako ahal den leku publiko gehienetan nahi genuke gure egutegia eskegi. Hori lortzeko gure bailarako haurreskola, ikastetxe, zaharren egoitza, udal, anbulategi, saltoki, taberna, jatetxe… guztietan doan emango dugu, bai bai, doan. Horrela 2020 urte osoan zehar herritar guztiengandik gertu egongo gara eta aniztasunaren normalizaziora bidean beste pauso bat emango dugu.
 

Partikularrak erosteko, non eta zenbatean?

Norbaitek egutegia bere etxerako nahiko balu, ale batzuk salgai ipiniko ditugu. Eskuragarri izango dituzue ondorengo saltokietan:
 
Azkoitian
  • Hazia Belardendan
  • Iroa Arropa Dendan
  • Maxi Eroskin
Azpeitian
  • Danetik Dendan
  • Casa Jaca Dendan
Helburua esan bezala sentsibilizazioa da, eta horregatik denentzako izango den egutegi bat izatea nahi dugu. Beraz, 2 eurotako prezio sinbolikoan ipini ditugu salgai.
 
 
 
Aniztasunaren Urte Berri On guztioi!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide