Lekukoa mingainean

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2021ko api. 15a, 08:00

Miren Alberdik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Lekukoa mingainean'.

Aurten ez ditu Korrikak karrikak jendez bete. Ez dugu lekukoa eskuz esku eraman. Baina Korrikak bere duen aldarria kalean izan da. Gu ere izan ginen; Balda Plazan elkartu ginen, euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko, martxoaren 28an, eguerdiko hamabietan, 22. Korrika amaituko litzatekeen egun eta orduan. Ezin dugu alde batera utzi Korrikak berekin dakarrena; are gutxiago pandemia garaian. Feminismoa bezala, euskara ere behar- beharrezkoa dugulako gure herrian, Euskal Herrian.

Horretarako, euskaltegiak behar ditugu. Izan ere, Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da, erdia baino gehiago, alegia. Azkoitiaren kasuan, %13,9 da erdalduna. Gure herria arnasgunea omen da. Horrela izaten jarrai dezan, herritar helduen euskalduntzea eta alfabetatzea beharrezkoak ditugu, guztion eskubideak bermatzeko zubia direlako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere. Azkoitiko AEKn, batez beste, urtean 104 ikasle aritzen dira. Hurrengo ikerketan, beraz, Azkoitian euskaldun gehiago agertuko direla aurreikus dezakegu. Hala ere, beti dago matrikula ezin ordainduta, euskara ikasi gabe gelditzen denik. Aurreikuspenak bete daitezen, Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara!

Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazitako hiztunetatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean.

Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan eta banku bidezko finantzaketarekin eman zaio erantzuna. Zorpetze horri ere aurre egin beharko zaio. Hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu eta. Birtartean, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera dago AEKren webgunean.

Laburbilduz, euskaltegiak ezinbestekoak dira Euskal Herri euskalduna izateko; eta, bide horretan, herritarron nahiz eragileen babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa zaigu. Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara! Gure ondorengoek eskertuko digute. Argi dago, Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide