Euskalduna naiz eta haserre nago

Erabiltzailearen aurpegia

Miren Alberdik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Euskalduna naiz eta haserre nago'.

Bai. Haserre nago. Haserre nago euskara goraipatu baina erabiltzen ez duen horrekin. Haserre nago euskara- ren alde ari direla esan eta gero ezer gutxi egiten duten instituzio horiekin. Bai irakurle, bururatu zaizun horrekin, besteak beste.

Euskaraldia amaitu den honetan, sentimendu kontrajarriak ditut. Alde batetik, ilusioa, eta beste zenbait emozio baikor sentitzen ditut. Maite dut Euskaraldia, herritik sortu den Euskaraldi hori, herriak bere egin duen Euskaraldia. Baina, beste alde batetik, ez dit grazia gehiegirik egiten, Andoni Egañak Berria egunkarian zioen bezala, "paparrean txapa duela sailburuorde batek, ahaldun nagusiak, udal-elkarteko arduradunak edo argazki guztietan irten gabeko onik ez duen zinegotziak euskaraz egitera anima nazan...". Nik egunero egiten baitut euskaraz, ahal dudan guztiekin, eta ez baitakit guzti horiek zenbat, noiz eta zenbatekin erabiltzen duten euskara. Alegia, ez dakit Euskaraldia ez ote den beharrezkoa bezain aurpegi- zuritzailea.

Haserre nago Euskaraldi bete-betean, ahobizi txapa paparrean harro jantzi eta elkarrekin gazteleraz ari ziren elgoibartar eta azkoitiar haiekin.

Euskaraldiaz haratago, haserre nago EITBko zuzendaria aukeratu dutenekin. Euskal Irrati Telebistako zuzendariak euskara ez du menperatzen. Hemen, euskararen herrian, hori normala omen da.

Haserre nago Azkoitiko zenbait udaltzainekin, gazteleraz egiten baitute “jende gehiagok ulertzeko”. Onartezina da eta norbaitek neurriak hartu beharko ditu.

Haserre nago kanpotarrei lehen hitza gazteleraz egiten dien herritar horrekin. Behin gazteleraz hasita, kanpotar horrek euskaraz jakinda ere, aukera asko daudelako elkarrizketa gazteleraz izateko. Eta behin lehen elkarrizketa gazteleraz eginda, ohikoena litzateke, gehiagotan topo egingo balute, euren harremana gazteleraz izatea. Lehen tristura ematen zidan, gaur haserretu egiten naiz. Izan ere, euskaltegira datozen ikasleek egiten duten esfortzua alferrikakoa al da ba? Haserre egoteko mila motibo ditut eta hurrengo batean jarraituko dut, baina ez nuke artikulua haserre amaitu nahi. Euskalduna naiz eta harro ere banago. Bai, harro egoteko arrazoiak ere badirelako.

Harro nago Azkoitiko AEKtik pasatu diren eta etorriko diren ikasle guztiez. Harro nago, urte osoan ahobizi rola hartzen duen euskaldun berriaz, baita lehen urratsetan dabilen belarriprestaz ere. Gure herria eta gure hizkuntzarekiko errespetua erakusten duzue eta bejondeizuela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide