Amama bikiak, 100 urte

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2018ko urt. 6a, 10:30
Ezkerrean, Felisa Etxabe. Eskuinean, Flora Etxabe.

Flora eta Felisa Etxabe Egibar ahizpa bikiek (Azkoitia, 1918/01/06) 100 urte bete dituzte gaur. Urtarrileko aldizkarirako bi protagonistei egindako elkarrizketa da ondorengoa:

 

Nola ospatzen dira 100 urte?

18 urte bete arte poliki igarotzen dira urteak, baina behin 18 urte egin eta gero konturatu ere egin gabe pasatzen dira.  Bazkaria egingo dugu bion familiartekoekin. 32 pertsona izango gara. Urtetik urtera birbiloba gehiago ditugu eta mahaia handitzen doa.

Oso berezia da guretzat 100 urtetara biok elkarrekin iristea eta elkarrekin ospatzea. Horrelakoak esaten dizkiogu elkarri: «Ene, Flora, noraino iritsi gara» eta «Ezin dut sinistu nola iritsi garen 100 urtetara».

Uste al zenuten 100 urte betetzerik?

Ezta pentsatu ere. 80 urte bete arte etxean ospatzen genuen gure urtebetetzea, baina urte asko ez zirela geratuko pentsatuta, bion familiak elkartuta bazkaria jatetxe batean egiten hasi ginen. Eta begira… 20 urte gehiago pasatu dira, eta hemen jarraitzen dugu biok.

Zein da 100 urte betetzeko sekretua?

Geuk ere ez dakigu zein den sekretua, erregalu handi bat da hau guretzat.

Asko zaintzen al duzue elikadura?

Ez dugu ezer berezirik egiten, gosea dugunean jaten dugu eta denetatik. Ez gara asko jatekoak izan; bete arte bakarrik.

Botika asko hartzen al dituzue?

Ez dugu behar adina botika hartzen, baina nahi baino gehiago dira, hala ere.

Zenbat seme-alaba dituzue bakoitzak?

Nik, Florak, bost seme-alaba izan nituen, eta lau ditut bizirik. Nik, Felisak, bi seme-alaba ditut.

Norbaiten laguntza izaten al duzue egunerokoan?

Askorena dugu. Seme-alaba eta iloba guztiak ditugu beti laguntzeko prest. Hala ere, jateko, edateko edo distantzia motzetan mugitzeko ez dugu arazorik bakarrik moldatzeko.

Felisa, nolatan joan zinen Azkoititik Elgoibarrera?

Nire gizonak Elgoibarko enpresa batean egiten zuen lan, eta hara joan ginen bizitzera.

Elkarrekin askotan egoten al zarete?

Aurrez aurre ez gara horrenbeste egoten, gertu egon arren herri desberdinetan bizi garelako. Ordea, elkarri entzun ezinda ibiltzen garen arren, ia egunero deitzen diogu elkarri telefonoz. Gainera, duela bi urtera arte hilabete pasatzen genuen elkarrekin Donostian oporretan, Floraren alaba baten etxean.

Hiltzeari beldurra diegu gehienok; zuek?

Guk ez diogu batere beldurrik. Hala ere, egunero errezatzen dugu eguna iristen denean heriotza ona izan dezagun. Ez gara pentsatzen jartzen beste zenbat urte bizi nahi dugun; egunean egunekoa bizi nahi dugu, eta bizitzeko falta zaigun denbora ahalik eta ondoen pasatzea nahiko genuke.

Nola ikusten dituzue gaur egungo gazteak?

Ez digu batere inbidiarik ematen gaur egungo gazteen bizimoduak, baina ezin dugu esan 100 urtera iritsiko diren edo ez. Guk geuk ere ez genuen bela pentsatuko 100 urtera iritsiko ginenik, eta begira non gauden.

Nola deskribatuko zenukete zuen ahizpa?

Pertsona ona.

Bikiak izatearen alde onak eta txarrak?

Gauza guztiak bezala alde onak eta txarrak ditu, baina politena elkarrekin bizi izan ditugun urte guztiak eta elkarrekin hazi izana da.

Bizitzako oroitzapen onena zein da?

Oroitzapen on asko ditugu, ezin gara bakar batekin geratu.

Denboran atzera egiteko aukera izango bazenu, zerbait aldatuko al zenuke?

Ez genuke ezer aldatuko. Oso gustura gaude bizi izan dugunarekin, baina zerbait aldatzekotan pasatu genuen gerra garaia aldatuko genuke.

Askoren eredu izango zarete; nolako gomendioak ematen dizkiezu etxekoei?

Zorionekoak gara eta etxeko guztiak txintxo txintxoak ditugu; ez dute gure gomendioen beharrik.

Zer egiten duzue egunerokoan?

Ez dugu ezer berezirik egiten. Jan, lo… betikoa. Goizetan esnatutakoan meza entzuten dugu, eta ondo gauden arratsaldetan, berriz, lagunekin geratzen gara kafesne bat hartzeko eta elkarri gure kontuak kontatzeko.

Zein dira zuen zaletasunak?

Floraren zaletasunik handiena pilota partidak ikustea da, eta Felisarena, berriz, karta jokoan ibiltzea lagunekin.

Nola sentitzen zarete osasunez?

Oraingoz ondo sentitzen gara osasunez. Batzuetan pentsatzen dugu beso eta hanka berriak erosiko genituzkeela, baina gaur egun ondo gaude eta ez dugu kexarik.

Erregeek opari asko ekartzen al zizkizueten?

Bai, baina oraingoekin ez dago alderatzerik. Gogoan dugu urte batean panpina bat oparitu zigutela biontzat eta beste urte batean, berriz, jostailuzko sukalde txiki bat. Garai hartan Santa Klarako elizan bi meza ospatzen ziren Errege egunez, eta gogoratzen gara nola jarri genituen zapatilak leihoan eta meza batetik atera ginenean pezeta bateko txanpona eta ikatza genituela bakoitzaren zapatiletan, eta bigarren mezatik atera ginenean, berriz, laranja bat bakoitzaren zapatilan. Ez dira oraingo opariak bezalakoak, baina gu zoriontsu ginen, garai hartan pezeta batek asko balio baitzuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide