Iñigo Etxaniz: «'Kontrastea' hitzak definitzen du Maroko»

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2017ko uzt. 5a, 12:20
Iñigo Etxaniz, Marokoko kaleetan.

Iñigo Etxaniz 36 urteko azkoitiarra Marokon bizi da joan den urtarriletik. Aldaketa baten beharrean, lanez aldatzea erabaki zuen, eta gaur egun Irizar enpresako kalitate arloaren arduraduna da Irizarrek Marokon duen plantan. Erabakia hartzea ez zen erraza izan, baina gustura dago hartu zuen erabakiarekin.

 

Zein izan da Marokora bizitzera joateko arrazoia?

Lana izan da etortzeko arrazoia. Lan berri batean hasi nintzen, eta enpresak planta bat du hemen, 260 bat langilerekin. Hasieratik nekien lan berriaren baldintzetako bat zela. Langile guztiak bertakoak dira, eta bi lagun gaude Euskal Herritik etorritakoak. Aurretik zegoenak bere misioa bukatu zuen, eta ni hura ordezkatzera etorri naiz. Printzipioz hiru urterako etorri naiz.

Erabakia erraz hartu al zenuen?

Ez, ez, erabakia ez zen egun batetik bestera hartu; astebete eman zidaten pentsatzeko. Kanpora joateak izan ohi dituen abantaila horiek ikusten nituen: beste kultura bat ezagutzea, hizkuntza bat ikastea, monotonia haustea, jende berria ezagutzea… Desabantailak, berriz, gertukoengandik urruntzea eta etxeko erosotasuna galtzea ziren.

Zerk bultzatu zintuen lan berriarekin hastera?

Ez nengoen gustura aurreko lanean, nahiz eta lan egonkorra izan. 15 urte neramatzan lan berean, eta ez nintzen bizitza osorako han ikusten. Beste motibazio batzuk edo bizigarriren bat behar nuen. Aldaketarako aukera ona eta proiektu interesgarria zela iruditu zitzaidan. Gainera, etxekoen babes osoa izan nuen, emaztearengandik hasita, eta horrek asko lagundu zidan erabakia hartzeko orduan.

Zehazki, zer lan egiten duzu Marokon?

Irizar enpresan lan egiten dut, eta autobusak egiten ditugu. Marokon astean 5-7 autobus egiten ditugu, 1,25 egunean. Kalitateko arduraduna naiz hemengo batekin batera. Nire lana, azken finean, autobusak ondo ateratzen direla bermatzea da: akatsik gabe eta bezeroak eskatzen duen kalitate mailarekin.

Zer egiten duzu denbora librean?

Egia esan, lanegunetan ez da denbora libre askorik izaten. Ohituratzat hartu dut ia egunero hondartzan bainu bat hartzea ilunabarrean. Rabat hiriburua 15 minutura dut, eta askotan joaten naiz hara, kaleko bizi asko baitago edozertarako, musika entzuteko, paseatzeko…

Lankideez gain, jende berria ezagutzeko aukera izan duzu?

Momentuz, gehienak lankideak dira. Espainiar erbesteratu pila bat ere ezagutu dut juntadizo hauetako batzuetan: Cervanteseko irakasleak, Unescokoak, CNIkoak… Denetik aurki daiteke hemen.

Duela aste batzuk Azkoitian izan zinen bisitan. Sarri izaten al duzu bisitan etortzeko aukera?

Hilean behin joaten naiz normalean. Eta zerbait berezirik bada ere, tartean asteburu espres bat egiten dut.

Zer gustatu zaizu gehiena Marokotik? Zerk harritu zaitu gehiena?

Klima, janaria, jendea... Agian, kalean dagoen bizia gustatu zait gehiena. Egia esan, ez nekien nolakoa zen, eta ez nuen ezer espero; aurreiritzi asko ditugu sortuak, eta gero ez dira betetzen. Zerk harritu? Egunero zerbaitek harritzen nau: militarrak auto-stop egiten ikusteak, kotxean zazpi pertsona joateak, harategian oilaskoak zeure aurrean hiltzeak, jaiegunak zehazteko herrialdeko hainbat puntutan epaileak ilargiaren begira egoteak, semaforoak deskoordinatuta egoteak...

Maroko definitzen duen hitza kontrastea da: oso aberatsak eta oso pobreak, astoa eta Porschea, oso kultuak –karrera eta bost hizkuntza– eta analfabetoak, integrista erlijiosoak eta libertinoak… Ez dago erdibiderik.

Erlijioa dute zuzenbidetzat. Adibidez, bankuei kreditua eskatzea gaizki ikusia dago, erlijioak esaten baitie esfortzurik gabe dirua irabazten dutenak usureroak direla. Eta elkarri dirua uzten diote: pobreenei lagundu egin behar zaiela ere esaten die erlijioak, eta horrela egiten dute. Gorriya bati 50 xentimo eman eta hark 40 itzultzea eta horrelakoak ere asko gertatu zaizkit.

Alde onak, txarrak baino askoz gehiago. Baina Marokoren alde txarrena emakumeenganako tratua da, ikuspuntu guztietatik; berdintasuna oso-oso urruti dago hemen.

Azkoititik zer botatzen duzu faltan?

Ezer ez [barrez]. Emaztearekin siesta egitea eta lagunekin edozertaz diskutitzea.

Esperientzia berri honek zer eman dizu pertsonalki eta zer profesionalki?

Profesionalki, dudarik gabe, horrelako giza talde handi eta ezberdinarekin tratatzen ikastea, inteligentzia emozionala. Eta, pertsonalki, mentalitatea zabaltzea eta bizitzaren gaineko ikuspegia zabaltzea.

Gustura zaude hartu zenuen erabakiarekin?

Gustura nago. Erabakia hartu izanak berak gustura sentiarazten nau, gauzak aldatzen saiatu naizelako, hobeto edo okerrago aterata ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide