Igone Etxaniz: "Atzera itzuliz gero, dudarik gabe berriro onartuko nuke aukera hau"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2016ko eka. 21a, 08:52
Igone Etxaniz Peña, Irlandan bizi den azkoitiarra.

Igone Etxaniz Peña 21 urteko azkoitiarra goi mailako administraritza ikasketak egiten ari da Urola ikastolan. Zikloko azken urte honetan, praktikak beste herrialde batean egiteko aukera izan du, eta, hori aprobetxatuz, Irlandara joan da hiru hilabeteko praktikaldia egitera.

 

Irlandako zein herri edo hiritan bizi zara?
Irlanda hegoaldean bizi naiz, Cork hirian. Praktikak Dawson Travel izeneko bidaia agentzian ari naiz egiten. Hiru hilabeterako etorri naiz; martxo hasieran etorri nintzen, eta maiatz amaieran itzuliko naiz.


Zer moduzko harrera egin dizute enpresan?
Oso ona. Etorri nintzen lehen egunean frantsesak ziren denak, baina orain Kanaria uharteetako eta Santanderreko jendea dago nirekin lanean, eta talde polita osatu dugu.


Etxe partekatu batean edo egoitza batean zaude?
Etxe partekatu batean egiten dut lo; logela ere partekatua dut. Ikastetxeak berak aukeratu zuen etxea, baina aukera ona egin zutela iruditzen zait. Oso gustura nago etxeko jendearekin.


Lan egiteko modua asko aldatzen dela uste duzu?
Bai. Hemen, Euskal Herrian bezala, egunean 8 orduko lanaldia daukagu, baina bazkaltzeko ordua oso mugatua da. 17:30erako enpresa gehienak itxi egiten dira, eta, beraz, arratsalde osoa duzu aurretik nahi duzuna egiteko.


Atzerriko lehenengo esperientzia al duzu hau?
Bai, inoiz ez naiz inora joan 3 hilabeterako. Aurretik, asko jota astebeteko bidaiak egin ditut lagunekin. Esperientzia momentuz ederra ari da izaten. Jende asko ari naiz ezagutzen, eta hiria ere oso polita da. Gainera, ingelesa hobetzeko asmoarekin etorri nintzen, eta etxekoekin eta enpresako jendearekin hitz eginez hobetzen ari naiz.


Denboraldi luze baterako joaten zaren lehenengo aldia izanik, asko kostatu al zitzaizun joateko erabakia hartzea?
Bai, asko kostatu zitzaidan. Beldur pixka bat ematen zidan ezagutzen ez nuen leku batera bakarrik joateak, baina irakasleek animatu ninduten, eta orain eskerrak eman beharrean nago. Ez naiz damutzen esperientzia honetan parte hartu izanaz, eta, atzera itzuliz gero, dudarik gabe berriro onartuko nuke aukera hau.


Gustatuko litzaizuke Irlandaz gain beste herrialderen bat ezagutzea?
Aukera izango banu, gustatuko litzaidake beste leku batzuetara joatea, bidaiatzea asko gustatzen zait eta.


Aldea al dago, zure ustez, praktikak herrian edo beste herrialde batean egin?
Praktikak herrian egitea errazagoa da: hizkuntza betikoa da, eta familia eta lagunak bertan dauzkazu. Kanpoan eginez gero, berriz, atzerriko hizkuntza jakin edo ikasi behar duzu komunikatu ahal izateko, eta, horretaz gain, zeure kabuz bizitzen ikasi behar duzu: bazkaria prestatu, arropa garbitu…


Esperientzia honetatik zer nabarmenduko zenuke?
Jendearen harrena ona nabarmenduko nuke. Nahiz eta ez ezagutu, beti laguntzeko prest daude. Esperientzia polita ari naiz bizitzen: hizkuntza hobetzeko aukera, leku berriak ezagutzeko aukera eta bereziki jende berria ezagutzeko aukera eman dit. Nahiz eta hilabete gutxian ezagututako jendea izan, eguneroko bizimoduan ezinbesteko bilakatzen dira.


Gomendatuko al zenioke zure lekuan dagoen beste bati?
Bai, dudarik gabe. Nahiz eta hasieran beldur pixka bat nuen, esperientzia oso positiboa izan da niretzat. Gainera, bakarrik zer egiteko kapaz zaren ikusteko balio diezazuke. Horrez gain, ezagututako jendearen herrialdeko kultura eta hizkuntzak ezagutzeko ere baliagarriak dira mota honetako esperientziak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide