Araitz Goikoetxea: 'Bizitza denboran zehar dituzun esperientzia desberdinen pilaketa da'

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2015ko aza. 4a, 14:22
Araitz Goikoetxea Arango, Sydneyko hondartza batean.

Araitz Goikoetxea Arango azkoitiarrak 29 urte ditu, eta Australian bizi da orain dela bost urtetik. Bioteknologia ingeniaritzan espezializatutako ingeniari kimikoa da, eta alor horretan dihardu gaur egun Australian.

 

Zenbat denbora daramazu Australian bizitzen?
Dagoeneko bost urte eta erdi daramat Sydneyn bizitzen. Nere bizitzako une honetan oso ondo bizi naiz Australian, eta momentuan ez dut itzultzeko asmorik. Dagoeneko egoiliarra naiz bertan.

Zein izan zen hara bizitzera joateko arrazoia?
Lehenik eta behin, ingelesa ikastera etorri nintzen sei hilabetez, baina gero, hango bizi maila eta Europan zebilen krisi ekonomikoa ikusita, bertan finkatzea erabaki nuen.

Erraza egin al zitzaizun hango bizimodura moldatzea?
Bizimodu aldetik oso erraza izan zen bertara moldatzea. Txarrena bisa aldetik izan ditudan eragozpenak izan dira, oso konplikatua izan baita egoiliar izatea lortzea. Hemen ez dute inongo laguntzarik ematen; filtro asko dituzte, eta oso garestia da bertan bizitzea. Jende kualifikatua bakarrik hartzen dute: ikasketak, ingeles maila, osasuna, adina, etab. Denbora eta ahalegin handia eskatzen du. Benetan Australian finko geratu nahi duten pertsonak bakarrik hartzen dituzte.

Zer lan egiten duzu han?
Hasiera batean Bioteknologia alderditik ibili nitzen ikerkuntza lanetan Sydneyko Unibertsitatean. Esperientzia ona izan zen, baina ingeniaritza aldetik etorkizun egonkorragoa eskaintzen du Australiak, eta alderdi horretara jo nuen. Azkeneko hiru urteetan ingeniaritza lanetan nabil elikadura industrian, produkzio hobekuntzak egiten.

Zer gustatzen zaizu gehien handik?
Eguraldia, natura, bizi maila, kultura aniztasuna eta segurtasuna, delinkuentziarik eza.

Herriko zeren falta igartzen duzu gehien?
Familia, lagunak, jatekoa (Luziano okindegiko txokolatezko napolitana) eta aire fresko usaina.

 

Hango lagunak dituzu, ala euskaldunak edo beste herrialde batzuetako jendea da?
Normalean ez naiz euskaldunekin juntatzen, kanpoan izanda, kanpoko jendea ezagutzeko aukera dudalako. Gehienbat hegoamerikarrekin eta australiarrekin elkartzen naiz.

Kanpora egonadi bat egitera joatea gomendatuko zenuke?
Bai, dudarik gabe. Kanpoan egoteak asko aldatzen dizu munduari buruzko ikuspegia. Beste kultura, jende, iritzi, historia eta ohituretan murgiltzeak asko aberasten zaitu. Sentsazio eta une guztiak oso biziak dira, eta pertsonalki izugarrizko heldutasuna lortzen duzu. Azkoitia bezalako herri batetik irteten zarenean oso bizi idilikoa/egonkorra dugula konturatzen zara. Nik askotan ‘beste mundu batetik’ natorrela esaten dut; guk dugun inozentzia sano hori ez dut pertsona askotan aurkitu, eta aldi berean harro sentitzen naiz nire jatorriagatik. Batzuetan gogorra izan da etorkin bezala une askori aurre egitea, baina azken batean bizitza denboran zehar dituzun esperientzia desberdinen pilaketa bat da. Ona edo txarra izan, atzera begiratzen duzunean beti ikusten duzu zerbait ikasi zenuela, eta zerbaitegatik izan zenuela estutasun hori. Kanpoan denboraldi batean egoteak egoera guztien aurrean jartzen zaitu bat-batean, eta esperientzia zoragarria da, nire ustez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide