Azkoitiko urtez urteko hainbat datu

Erabiltzailearen aurpegia Luis Larrañaga "Axiri" 2017ko eka. 7a, 16:50
Azkoitia.

Urteko Azkoitiko demografia maxixatuz nator orain ere, zenbait argibiderekin. 1916. eta 2015. urteetakoak ere azalduko ditut 2016. urtekoarekin batera. Aurten ere, Inazio Zendoia Etxaniz zenaren lan bikain eta oparo batetik jaso dut datu mordo hau.

 

Azkoitiko Udaleko eta Epaitegiko gai honetako arduradunei esker ere lortu ahal izan dut datu pila hau. Horiei eskerrak eta eskerrak eman behar dizkiet, bihotzez.

Beti bezala, bost zatitan banatuko dut lantxo hau: 1916 -2015. eta 2016. urteetako biztanleria, ezkontzak, jaiotzak, heriotzak eta adinaren araberako biztanleen datuak aztertu ditu.

 

Ezkontzak

2016. urtean 38 bikoteren ezkontzak erroldatu ziren. 2015. urtean baino 18 bikote gehiago; %90 gehiago zen hori. Dibortziatuei dagokienez, honela izan ziren kontuak: 2 gizon, 4 emakume, eta senar-emazte bikote 1. Gizonezko alargun 1 izan zen. Gainerako beste guztiak ezkongabeak ziren. Elizaz, 4 bikote ezkondu ziren. Zibilez, 34 bikote ezkondu ziren. Bestalde, bikote ezkonduetako bat 2 gizonezkok osatzen zuten: batek 41,24 urte zituen; besteak, berriz, 40,74.

Biztanleria

2016. urte bukaeran, erroldan jasotakoaren arabera, 11.570 biztanle bizi ginen Azkoitian, aurreko bi urteetan baino 22 biztanle gutxiago.  Zenbaki horretan sartuta daude etorkinak ere; guztira, 954 ziren erroldatutakoak.  Biztanle guztien %8,25 dira etorkinak, eta aurreko urtetik hona 8 lagun gutxitu dira.

 

Jaiotzak

2016. urtean, 119 haur jaio ziren Azkoitian: 62 neska (%52,10) eta 57 mutil (%47,90). Urte osoan, baina, ez zen bikirik jaio. Jaiotakoen artean, etorkinen seme-alabak izan ziren 31: 15 neska eta 16 mutil; jaiotako guztien arteko %26,05 izan ziren.

Haur gehienak uztailean eta abuztuan jaio ziren, hamahiru eta hamalau, hurrenez hurren; gehienak astelehenean jaio ziren, guztira 24.

Jaioberrietan, izen hauek errepikatzen dira: 4 aldiz: Maddi; 3 aldiz: Haizea, Jare, Jon eta Julen; bi aldiz: Aimar, Elene, Luka, Mattin, Nerea eta Oihan. Gainerako 91 haurren izenak errepikatu gabekoak dira.

Euskal izena 84 haurrek zeukaten; erdal izenak, berriz, Lucia, Laura, Vera eta Nicoleta izendunek zeramatzaten, eta etorkinengandik jaiotako 31 haurrek euren lurraldeetako izenak zituzten.

 

Heriotzak

2016. urtean 110 biztanle hil ziren Azkoitian: 61 emakumezko (%55,45) eta 49 gizonezko (%44,55). Hil zirenen batez besteko adina: 84,21 emakumezkoena eta 79, 25 gizonezkoena. Emakume zaharrenak 98,35 urte bete zituen; gazteenak, berriz, 34,75. Gizonezkorik zaharrenak 98,58 urte zituen, eta gazteenak, berriz, 27,42. Emakumezkoen eta gizonezkoen batez besteko adina: 82,00 urte.

100 urte lehenago, 1916an, 103 hil ziren: 62 emakumezko (%60,19) eta 41 gizonezko (%39,81). Harrapatu zuten batez besteko adina 52,08 urte izan zen. Urtean hil zen zaharrenak 87 urte zituen. Bestalde, 9 umetxo hil ziren urtebete osatzeke. Urte horretan, hildakoen batez besteko adina 45,50 urte izan zen.

Aipagarrienak

2016. urtean, San Jose egoitzan 4 emakume hil ziren. Batez besteko adina 84,25 urte izan zen. Zaharrenak 90,73 urte zituen, eta gazteenak, berriz, 75,63. Hildako gizon bakarrak 78,51 urte zituen. Azkoitiko baserrietan, 12 biztanle hil ziren, 7 emakume eta 5 gizonezko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide