Fusio nuklearra

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2023ko ots. 7a, 10:51

Lander Albizurik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Fusio nuklearra'.

Abenduan zeresan handia eman duen albistea izan da lehenengo aldiz fusio nuklear saio efizientea egon dela. Hots: erabilitako konbustioa baino energia gehiago ekoitzi dute. Izango du, ordea, gizartean, ekosistemetan edo elektrizitatearen prezioan eragin nabarmenik energia iturri horrek?

Ameriketako Estatu Batuetan, Kaliforniako Lawrence Livermore National Laboratoryko ikertzaileek historiako lehen fusio energia erreaktore efizientea eraikitzea lortu dute. Prozesu berri hori ez da gaur egun funtzionamenduan dauden erreaktore nuklearretan erabiltzen den teknika berbera. Zehazki, erregaiaren nukleo atomikoak fusionatu eta beste astunago bat sortzean datza. Horrela, azkenik, energia kantitate izugarria lortzen da segundoa baino tarte txikiagoan. Azken finean, egungo erreaktore nuklearretan ematen den prozesuaren alderantzizko garapena da, hainbat abantailarekin.

Erabilitako erregaiak deuterioa eta tritioa dira, praktikan amaiezinak; bata itsas uretan erraz aurkitzen da, eta, bestea, artifizialki sortzeko ez hain garestia; erregai horiek, hondakin moduan, helioa isurtzen dute, festetako globoetan erabiltzen den berbera.

Energia sortzeko modu horrek erregai fosilak ordezkatuko balitu, elektrizitate ekoizpenetik eratorritako CO2 guztia igortzeari utziko genioke. Horrenbestez, klima aldaketa arinduko litzateke, beti ere, analisi zientifikoek dioten moduan, horren efektu saihestezinak desagerraraztera iritsi gabe, baina horiek leunduz.

Lehenengo aldiz, erabilitako konbustioa baino energia gehiago ekoitzi dute

Hala ere, hainbeste kontzentratutako energia sortzean, bertan erabilitako materiala 50 urtez erradioaktibitatearen menpe geldituko litzateke. Hori ez da egungo zentral nuklearretako hondakinena bezain handia, baina ezin da esan prozesua guztiz garbia denik.

Bestalde, energia berriztagarriei dagokienez, desabantaila handienak estetika, eta, batik bat, ezegonkortasuna dira. Izan ere, fenomeno naturalen menpe dauden heinean, horiek ez badute behar beste laguntzen, ez dago gaur egun munduko pertsona guztiei bizitza duina emateko moduko energia edukitzailerik. Ondorioz, etxeetako argia piztuta mantendu nahi bada, ordezko energia jatorriak behar dira.

Alabaina, abenduko saiakuntza aurrerapen handia izanik, fusio nuklearraren berehalako energia amaiezina urruneko soluzioa da; izan ere, oro har, oraindik teknologia segururik ez dago segurtasuna eta kantitate handietan elektrizitate-global-merkea bermatzeko.

Fusio nuklearrak, egunen batean, onurak eragingo baditu, horren erabilpen zuhurraren eskutik lortuko da, teknologia oro moduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide