Bihar jarriko dituzte salgai Pilotari Eguneko bazkariko tiketak

Erabiltzailearen aurpegia Txulue pilota elkartea 2023ko mai. 25a, 13:08
2019an egindako bazkariko irudi bat.

Aurten ere Berdura Plazan egingo da Pilotari Eguneko bazkaria. Dena den, antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte lagunarteko bazkariak herriko elkarte desberdinetan egitera.

Ekainaren 10ean ospatuko da aurten Pilotari Eguna. Egunean zehar hainbat ekintza eta pilota partida jokatuko dira Kontzejupen. Azken urteetan bezala, Berdura Plazan egingo da eguneko bazkaria, eta antolatzaileek bazkari horretarako tiketak herriko plazan jarriko dituzte salgai bihar, ostirala, 19:00etan.

Bazkariko parte hartzaileek hiru menu desberdin aukeratu ahal izango dituzte, eta tiketa erostean aukeratu beharko du bakoitzak bere menua. 18 euro ordaindu beharko da bazkaria, sagardoa barne. Honako hauek dira dauden aukerak:

  • Menu gorria: patatak errioxar erara, oilaskoa patatekin eta natillak.
  • Menu urdina: entsalada nahasia, errusiar entsalada, oilaskoa patatekin eta arroz esnea.
  • Menu berdea: entsalada, barazki paella eta fruta.

Bestalde, antolatzaileek dei egin nahi diete herritarrei Pilotari Eguneko bazkarirako elkarteetan elkartzeko eta eguna ospatzeko. Herri guztiarentzako festa egun bat bilakatu da Pilotari Eguna, eta herri guztiaren parte hartzea bultzatu nahi da. Hori horrela, elkarteetako bazkide desberdinei, ingurukoekin elkarteetara bazkaltzera joatea proposatu nahi diegu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide